Xabi Lopez (Oiartzun, 1987) duela urte batzuk hasi zen ‘Gaur ez da inoiz’ idazten. Distopia Antzerki Galdararekin bihar emanaldia eskainiko du Hondarribian.
Xabi Lopez (Oiartzun, 1987) orain dela urte batzuk hasi zen ‘Gaur ez da inoiz’ antzezlana idazten. Distopia Antzerki Galdararekin duela ia urtebete estreinatu zuten lana, eta bihar iluntzean emanaldia eskainiko du Hondarribiko Itsas Etxean.
Iruñeko Antzerki Eskolan egon zara. Nola sortu zitzaizun antzerkiarekiko bokazioa?
Beti eduki dut antzerkia ikasteko interesa,arte eszenikoek beti erakarri bainaute. Bestalde, musikarekin lotura ere eduki dut. Nerabezaroan, agian, nire betiko interesak galdu nituen. Alde batera utzi nituen.
Hausnarketa prozesu batean sartuta nintzen, eta ez nuen nire burua hori ikasten ikusi. Beranduago, Italiara egin nuen bidaia bat, bakarrik, eta ideia horrekin bueltatu nintzen. Agian berandu zen, baina hemendik bost-hamar urtera are beranduago izango zela konturatu nintzen orduan.
Han beste zaletasun batekin hasi nintzen, poesia idazten. Beraz, orduan bi zaletasun berreskuratu nituen.
Hiru urtez aritu zara ikasten. Ikaskideekin osatu duzu antzerki taldea?
Hiru taldekideetatik bi —Samuel Quel eta Garazi San Martin— klasekideak izan dira, eta bestea —Irantzu Sanchez— Iruñeko Antzerki Eskolan ibilitakoa zen.
Zer izan zen lehenago, obra ala taldea?
Testu hori idazten hasi nintzenean, ez nekien noraino joango zen. Ideia txiki bat bezala hasi zen. Handitzen hasi zen istorioa, pertsonaia batzuk sortu nituelako eta pertsonaia haiek idazten joan zirelako nire obra. Ezin nuen ideia burutik kendu, eta pixka bat obsesionatzen hasi nintzen. Nahi gabe sortzen joan zen iraupen luzeko antzezlan bat.
Idatzi nuenean, nolabait ere, ikusi nuen zeinekin landu nahi nuen antzezlan hori. Klasekideen profilak ikusi nituen, eta zeinekin neukan lan egiteko gogoa, edo lotura, edo seriotasun handiagoa. Garazi San Miguel eta Samuel Quelek bat egiten zuten, eta Irantzu Sanchez antzerki eskolan aritutakoari proposatu genion proiektua. Pixkanaka, era naturalean, sortu zen taldea.
Obra zure ekimenez idatzi zenuen ala eskolarako proiektu bat sortu behar zelako?
Nik lan hau ez dut sekula eskolan aurkeztu. Klaseen erritmoan sartuta zaudenean, buruari bueltak emateko aukerak ematen dizkizu. Ideia txikia neukan, lehen esan bezala, eta loturak egiten joan nintzen: hau nola lotu nahi dut; zeri buruz hitz egin nahi dut; pertsonaiak eurak hasi ziren gauza berriak esaten; osotasunean ikusi eta, hostia, hau batu behar diot… Nik beragandik ikasi eta berari eman, elkarri eman genion.
Gainera, obra sortu zen diru gutxi nuenean. Beti bezala [barre egin du]. Lehenengo ikasturtean, tabernetan-eta egiten nuen lan, eta hona [Oiartzunera] etortzen nintzen. Baina erabaki nuen lana uztea. Astebukaerak libre izan nituen, behingoz. Parrandazalea izan naiz beti, baina diru gutxi nuenez, ongi etorri zitzaidan. Iruñeko pisuan bakarrik geratzen nintzen, negua zen, ordu asko ezer ere egin gabe… testuinguru ona obra sortzen joateko.
Distopia Antzerki Galdara du izena zuen taldeak. Obra ere nahiko distopikoa da, ezta?
Etorkizun distopiko baten estetika du obrak. Gaur egungo gizartearen hiperbole bat dela esango nuke. Gertuko etorkizun baten lagina izan daiteke; errealitate grotesko bat.
Proposamena da Aratz pertsonaia jarraitzea. Ikusten da, momentu oro, Aratz dagoen tokia. Bidaiatzen du tokitik mugitu gabe. Arazo mentalak ditu, eta ikusleak bidaiatzen du bere burmuina joaten den tokira. Horregatik,
Gaur ez da inoiz izenburuaren interpretazioetako bat da.
Taldeari distopia izena jartzea sutsuki defendatu nuen. Literaturak
1984 edo
Bai mundu berria-n erakutsi zuen bezala, distopia da gure gaurkotasuna kritikatzea etorkizun bat kritikatuz. Kritikatzea nora joaten ari garen, amildegira goazela erakusteko. Hura hau dela.
Gaur ez da inoiz-en ez dago hainbesteko diferentziarik, etorkizun hori ez da gaur egungoaren oso ezberdina.
Gizarte indibidualista irudikatzen da obran, eta teknologia berriei kritika ere badago…
Digitalizazioaren mundua erakusten du pixka bat, modu hiperbolikoan. Berez, Aratz teknologia berrien jonki bat da. Mundu hermetikoa erakusten du, ezer fisikoa ukitzen ez duena. Ez du ezerrekin enpatizatzen, dena da urrunekoa berarentzat. Arazo bat da, ez dago sentimendurik. Iruditzen zait hori gertatzen dela, digitalizatzen dela.
Antzezlanean, ez zaio ikusiko inoiz ordenagailuaren aurrean.
Sinbolismo handiko antzezlana da ere.
Azpitestu asko dauzka obrak, eta sinbologia asko. Baina gero trama erreala ez da jarraitzeko zaila. Linea dramatikoa ulertzen da, baina, gero, bukaerako interpretazioa ez da batere erraza, oso pertsonala da. Eta denak dira baliagarriak. Nik nire aukerekin idatzi nuen, baina gainontzekoak ezin dira bazterrean utzi.
Zazpi pertsonaia daude, eta lau aktore zarete. Nola banatu dituzue paperak?
Aratz pertsonaia nagusiaren papera nik jokatzen dut, eta bere inguruan beti daude bere kontzientziaren parte diren bi pertsonaia: bata, inkonformismoa eta, bestea, erosotasuna.
Aingeru eta deabruaren antzekoa.
Bai, baina pixka bat hori desmitifikatu nahi genuen. Kasu honetan, ez dira balore absolutuak: bata ez da oso ona eta bestea oso txarra. Gizarte honetan sortu ditugu ona/txarra, gaizki/ongi dikotomiak. Erosotasunak eta inkonformismoak baditu bere alde onak eta bere alde txarrak. Bata askoz agresiboagoa da bestea baino, baina, aldi berean, etikoki —niretzat, behintzat—gizartearentzat askoz onuragarriagoa da. Etika hori ongizatearen gainetik jartzen da. Aratzek ongizatea jartzen du etikaren gainetik; berdin zaio mundua, ez du inorekin enpatizatzen, baina oso ongi tratatzen du.
Garazi eta Irantzuk jokatzen dituzte paper horiek. Samuelek medikuarena egiten du, kontrol eta aseptikotasunaren sinbolo bezala. Horrez gain, Aratzek duen proiekzio batzuetan ere agertzen da. Gainera, Aratzen aitaren papera ere egiten du: atzean geratzen ari den gizartearen ispilu da aita.
Afrikara ere bidaiatzen du, kontinentearen alegoria oso gris bat da. Garazik ume esklabu prostituta baten papera jokatzen du orduan. Feriante bat ere agertzen da, azken finean, arimak saltzen aritzen dena.
Nola izan da zuzendari eta aktore lanak uztartzea?
Zaila izan da, egia esan. Eskolan egin ditugu zuzendaritza lan txikiak. Kostatu zait, niretzako presio handia izan delako: ez dakizu ongi ari zaren ala gaizki ari zaren, estreinatzeko data bat duzulako eta elkarrekin gelditzeko zailtasunak dituzulako… Gustura geratu gara denak azkenean piezarekin, eta ni neu zuzendaritza lanarekin.
Hasieran, segurtasun eza handia duzu: izan daiteke kaka zahar absolutu bat… edo ez. Atzera begiratuta, ez nuen uste horrela aterako zenik. Eskarmentua irabazten duzu.
Duela ia urtebete estreinatu zenuten antzezlana. Laugarren emanaldia izango da bihar egingo duzuena. Zaila da zirkuituan sartzea?
Bai, oso. Euskal Herrian orain bira egiten dabiltzanak, agian urtebete ematen dute astero bizpahiru emanaldi ematen. Herrialde txikia da, baina, era berean, badago zirkuitu bat. Programatzaileek aretoak bete nahi dituzte. Programatzaileek, nire ustez, kultura eskaini behar dute, gizartea hezi. Gizartea ez badugu hezten, ez bazaio kultura oparitzen, ez da gauzak ikustera ohitzen, orduan arraro egiten zaizkio gauza batzuk ikustea. Hortik hasten da arazoa nire ustez.
Berria baldin bazara ez dizute lekurik egiten, ez dakitelako zein produktu saltzen duzun edo zein kalitate duzun. Beste alde batetik, ez daude arriskatzeko moduan: agian talde on bat etortzen da eta hamabost pertsona joaten dira hori ikustera.
Hala ere, laugarren emanaldia izango da larunbatekoa [biharkoa], baina, aldi berean, antzezlan honen heriotza. Otsailean Argentinara joango naiz, eta gutxienez, 2017 osoa han pasatuko dut. Erabaki dugu antzezlan hau bukatzea; sortzen jarraitzekotan, gauza berriak sortu nahi genituzke. Antzerkian beti gauza berriak egin behar dira.
Musikaren munduan ere aritu zara, Jabato Lopez taldean. Musikara itzultzeko asmoa duzu?
Pixkanaka. Arazoa da ezin garela gelditu. Lehen bost ginen, eta orain taldea sortu genuen hirurak geratu dira. Nik kantak idazten jarraitzen dut, gitarristak konposatzen jarraitzen du… Agian berak zerbait grabatzen du, estudioan gordetzen du eta ni hara joaten naiz nire kabuz abestera. Poliki goaz, baina baditugu 8-10 kanta eta etorkizunean LP bat ateratzeko asmoa daukagu oraindik.
‘Gaur ez da inoiz’ [Argazkia: Adrian Hernandez]
Euskarazko antzerki ausarta eta gertu-gertukoa
Handia izan gabe, konpainia handiak pasatu dira Hondarribiko Itsas Etxetik. Baina horrek ez du esan nahi horientzat bakarrik denik edota, gutxiago, horien bitartez bakarrik iristen denik antzerki ona bertara. Bihar, esaterako, proposamen ausarta iritsiko da Itsas Etxera, gertukoa gaiari dagokionez, baita distantziari begiratuta ere.
Gaur ez da inoiz da obraren izenburua, eta Xabi Lopez zuzendari oiartzuarraren Distopia Antzerki Galdara konpainiaren lehen lana da. Zuzendari izateaz gain, gidoia ere Lopezena da, eta aktore bezala ere aritzen da, Samuel Quel, Garazi San Martin eta Irantzu Sanchezekin batera.
Gaur ez da inoiz Iruñeko Antzerki Eskolan (ENT) estreinatu zuten iazko udaberrian, egonaldi artistiko baten ondoren. Taldeak egonaldia egin zuen Iruñeko eskolan, obra burutzeko. Proiektua euskaraz jaio zenez, estreinaldia ere euskaraz egin zuten. ENTren zuzendari Javier Perezek nabarmendu zuenez, estreinako aldia izan zen antzerki obra bat Iruñean euskaraz bakarrik antzezten zela.
Itsas Etxera ekarriko duten obra tragedia bat da, baina ez zaio umorea falta, eta gaia kontuan izanik, batek baino gehiagok ikusiko du bere burua eszenatoki gainean. Izan ere, Internetek eta sare sozialek harrapatuta duten gazte bat da protagonista. Kritika soziala egitea da laukotearen helburua eta, hitzen, dantzaren eta interpretazioaren bitartez, antzezlanaren ikuslea errealitateari buruzko hausnarketa egitera bideratuko dute.
Antzezlan ausarta da
Gaur ez da inoiz, ausarta den bezala Distopia Antzerki Galdara taldea, tentuz jarraitu beharrekoa. Bihar taularatuko dute Gaur ez da inoiz Itsas Etxean, 20:00etan. Sarrerak Arma Plaza kulturgunean, 4 euroan, edo Interneten eros daitezke, Kutxabankeko atarian.