EATko emakume beteranoen taldeak Espainiako Pista Estaliko Txapelketan parte hartuko du. Historian lehen aldiz izango du taldeak bertan ordezkaritza.
Antequerara joango den taldea.
Lehenengo aldiz Errenteria Atletismo Taldearen (EAT) historian, klubeko emakumeen talde batek Espainiako Txapelketa batean parte hartuko du. Beteranoen taldea otsailaren 11n Antequeran (Malaga, Espainia) jokatuko den estatuko txapelketako zortzi taldeetako bat izango da. Gipuzkoako bakarra, eta Durangokoarekin batera, Euskal Herriko ordezkari izango dira. Otsailaren 11n izango dira taldekideen probak.
12 kirolari joango dira Malaga aldera. Alta, han egoteko, puntuazio zehatz bat lortu behar izan dute, marken eta adinen araberakoa. Hau da, sekulako garaipena da berez txapelketa horretan. Izan ere, 11 taldek aurkeztu zuten hautagaitza lehian egoteko, eta zortzi aukeratu dituzte, EATkoa zortzigarrenean hain zuzen —baina laugarrenean izan den taldetik 50 puntura—. Hala, Baietz taldea oinarri duen kirolari sorta, ilusioz beteta izan da sailkapen hori prestatzen, eta hori lortuta, pozik, oso pozik doaz Espainiako Txapelketara.
Errenteriarrekin batera, Barcelona, Playas de Castellon, Avinent Manresa, Durango Kirol Elkartea, Atletismo Alcorcon, Oasis Tres Cantos eta Catarrojak osatuko dute dominen bila ariko den zortzikoa. Hainbat modalitatetan ariko dira talde horietako kirolariak: abiadura lasterketetan, lasterketa luzeagotan, jauzietan, jaurtiketetan eta abar.
Laguntza
Historian lehenengoz egingo dute gisa horretako txapelketa bat emakume beteranoek. Gogoz ari dira prestaketa egiten. Baina txapelketa horretan egon izana aurretik egindako lanaren ondorio da. Izan ere, emakumeen kirolean aurrera urratsa egin du EATk, eta duela urte batzuk pentsaezina izan zitekeena egin bihurtu dute. Gainera, adinean aurrera doazen kirolariekin lan egiten ari dira ere taldean —orotara, 100 bat kide ditu EATk—, eta horri balio berezia eman diote taldean.
Baina laguntza eskatu dute, Antequerako bidaia eta egonaldia garestia delako. Hortaz, inguruko erakunde publiko nahiz pribatuei dei egin diete, nahi balute, laguntza emateko aukera badutela..