Alaberga auzoko 23-28 etxeetako bizilagunek auzo horretan eraikitzen ari diren igogailuen lanen gaineko ezinegona azaldu dutela esan du EAJk.
Alabergako igogailuen kokapen proposamena 2015ean egin zuen udalak.
Alaberga auzoko 23-28 etxeetako bizilagunek auzo horretan eraikitzen ari diren igogailuen lanen gaineko ezinegona azaldu dutela esan du EAJk. Interbentzioari, ikuspegi orokorrago batetik ekin behar zitzaiola esan du alderdi jeltzaleak, “urteetako bizilagunen esakera aztertu ere ez duelako egin udalak”. Aipatutako atariek euste horma dute ondoan, eta hura botatzea eskatu dutela bizilagunek gaineratu du EAJko Garbiñe Oiarbidek: “Bizilagunen esakera ezagututa udal arkitektoarekin kontrastatu dugu gaiari ematen ari zaion erantzuna, eta jarraian, hilabete honetako Hirigintza batzordean mahai gainean jarri dugu gaia”.
Euste horma sotoetatik distantzia gutxira dagoela eta larrialdi egoera batean suhiltzaileen ibilgailua edota anbulantziak sartzea ezinezkoa dela dio EAJk, “hasiera batetik lanei ikupegi orokorragoa eman izan balie irtenbide osoago bat lortuko litzateke. Auzo garaietarako irisgarritasuna hobetzeaz gain, behealdeko ingurua ere hobetzea zegoen”.
Euste hormari udalak eman dion irtenbidea ez dutela bizilagunek begi onez ikusten gaineratu du Oiarbidek eta oraindik badagoela proposamena hobetzeko aukera, “udalak egin duen bide berriarekin paralelo arrapala egitea proposatu dugu batzordean, soto ezberdinen altuerara egokituko dena eta ahal den neurria eskailerak gutxituz. Gure iritziz ez da aukerarik egokiena, baina bi aldeen arteko adostasuna lortzeko bidea izan daiteke”.