Atzo atera zen Topaseko (Salamanca, Espainia) espetxetik, Auzitegi Gorenak zigorrak murriztea ahalbidetzen duen Kode Penalaren artikulua ezartzea onartuta.
Maitane Linazasoro espetxetik atera berritan. Argazkia: Etxerat Elkartea
Maitane Linazasoro, dagoeneko, Oreretako euskal preso ohia, etxean da. Atzo atera zen Topaseko (Salamanca, Espainia) espetxetik, Auzitegi Gorenak zigorrak murriztea ahalbidetzen duen Kode Penalaren artikulua ezartzea onartuta.
Segiko kideak izatea leporatuta, sei urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten Linazasorori eta Errenteria-Oreretako beste bost gazteri. Linazasorok, Xabier Lujanbiok eta Arkaitz Anzak
ezkutatzeko hautua egin zuten beren militantzia politikoarekin jarraitzeko zigorra ezagutu ondoren, 2013ko urtarrilean, eta hilabete horretan bertan
Donostian kateatu ziren eta bertan atxilotu zituzten.
Delitu ez hain larriak direnean zigorrak murrizteko aukera ematen duen Kode Penalaren artikulua aplikatzea eskatu zuten. Arkaitz Anza eta Aitor Francoren eskaerak onartu zituzten eta aske utzi zituzten pasa den abuztuan.Linazasororen eskaera atzera bota zuen orduan Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina Auzitegi Gorenak aitzat hartu du orain.
Atxilotutako bost gazteren artetik, Xabier Lujanbiok jarraitzen du espetxean. Foncalenteko (Alacant) espetxean aurkitzen da.