Bosgarren edukiontziaren erabiltzaileei hobariak emateko aukeraren alde lan egingo duela adierazi du sozialisten bozeramaile Jose Angel Sanchezek.
Lezoko udalean PSE-EEk duen ordezkaria pozik agertu da Altamiran edukiontziak jarri dituztelako. Jose Angel Sanchezek adierazi duenez, azken hauteskunde kanpainan sozialistek Lezon txipadun bosgarren edukiontzia ezartzeko konpromisoa hartu zuten, beren ustez, “edukiontzien sistema atez atekoa baino garbiagoa, eta merkeagoa” delako.
Horregatik, eta sozialisten iritziz sistema aldaketa “urtebeteko atzerapenez” heldu bada ere, pozik daude sozialista lezoarrak. EAJ eta EH Bilduren arteko akordioari egotzi diote atzerapena, eta akordio horrez geroztik bizilagunen interesak soilik PSE-EEk defendatu dituela argudiatu dute: “
EAJ eta EH Bilduk sistema mistoaren alde hartutako akordioak, PSE-EE bakarrik utzi zuen bosgarren edukiontzia nahi zuten bizilagunen defentsan eta ordezkaritzan”.
“Denborak arrazoia eman digu”, baietsi du bozeramaile sozialistak, eta erabaki honek hondakinen bilketa sistemaren gaineko eztabaida behin betiko itxiko duenaren itxaropena agertu du.
Azkenik, Ogasun zinegotzia izanik, bosgarren edukiontziaren erabiltzen duten herritarrei hobari fiskalak emateko aukera aztertuko duela agindu du Sanchezek, “birziklatze tasa ahalik eta handienak lortzeko”.