Hezur muin emaile izatearan gainean kontzientziatzeko autokarabana topaketa antolatu dute hilaren azken asteburuan hainbat autokarabana zaleek.
Elkartasun topaketaren aurkezpena gaur egin dute.
Elkartasun topaketa egingo dute hilaren azken asteburuan Arramendi magalean dagoen aparkalekuan. Autokarabanak bilduko dira bertan helburu berarekin: muin emaile izatearen gainean kontzientziatu nahi dute jendea emaile gehiago lortzeko, eta etxetik hasiko dira, autokarabana zale direnen artetik. “Autokarabana munduan dabilen Errenteriako lagun bat egoera horretan dago. Iaz jakin zuen gaixotasuna zuela, eta sendatzeko muin trasplantea behar zuela. Egoera horretatik abiatuta, muin emaile izatea zer den azaltzea garrantzitsua litzatekeela pentsatu genuen, askok ez dakigulako, edo ideia oso okerra genuelako gaiaren gainean”, azaldu du Juanjo Bermejo autokarabanazaleak. Jabi Saiz errenteriarraren lagunek eta hurbilekoek antolatu dute topaketa hori, Errenteriako Udala eta Sorbeltz Autokarabana Erabiltzaileen Euskal Elkartearen babesa dute.
“Emaile egiten dena, mundu osorako egiten da emaile, ez pertsona bakarrarentzat”, argi dute hori, eta hala azaldu dute gaur Errenteriako Udalean egin duten agerraldian, eta hori bilatzen ari dira asteburu osoko topaketaren bidez, “hezur muin trasplantea behar duen edonork aurki dezala bateragarria duen emaile bat, eta horretarako garrantzitsua da emaile ahalik eta gehien izatea”.
Lagunek eta ezagunek antolatu duten ekitaldiaren bidez hainbat gaixotasun sendatzeko muin trasplantea behar dela zabaldu nahi dutela esan du Irune Zaratek, Saizen emaztea eta autokarabanazaleak, “erraza da emaile izatea, ematen duenarentzat ez du gehiegi suposatzen. Gure helburua jendeari prozesua nolakoa den jakinaraztea da, eta animatzea emaile egitera, beharra duten pertsonek trasplantea egiteko aukera izan dezaten”.
Horren harira, topaketa solidarioaren barruan, hitzaldia antolatu dute . Hilaren 28an, larunbata, 10:00etan izango da Reina Aretoan eta bertan, Donostia Ospitaleko trasplante koordinatzaileek hartuko dute parte. Koordinatzailea da Lucia Elosegi, eta gaurko agerraldian ere izan da. Elosegik eskerrak eman dizkie antolatzaileei zein udalari, “halakoen bidez jendearengana heltzea lortzen dugulako, informazioa zabaltzea, eta animatzea emaile egitera”. Emaile asko izatea garrantzitsua dela esan du, “trasplante mota honetan zailtasuna emaile bateragarria aurkitzea delako, zenbat eta jende gehiago izan, geroz eta aukera handiagoa dute gaixoek trasplantea jasotzeko”. Argi utzi du berak ere, emaile egiten dena edonorentzat egiten dela emaile, “behar duenarentzat”.
Emaile izatearen gaineko informazioa bildu nahi duenarentzat telefono zenbaki bat ere eman du Elosegik: 94300 70 00.
Jon Txasko zinegotziak bere aldetik herritar guztiak animatu ditu parte hartzera hitzaldian eta hezur muin emaile izatera, “ea lortzen dugun gure herrian zein beste herrietan dauden pertsona gaixoak sendatzea”.
HITZA-k erreportaje zabala landuko du datorren asteko papereko edizioan.