Galderak herriz herri hitzartu dituzte. Orain horiek sozializatzeko kanpaina abiatuko du Demoarsok. Iritzi trukea beharrezkotzat eman du.
Mertakutazarren egindako agerraldian aurkeztu zituzten galderak.
Demoarso prozesua azken geltokira iristeko bidean da. martxoaren 19ko herri galdeketa. Hori horrela, jada eskualdeko lau herrietan erabaki dute herritarrei zein galdera egin, tokian-tokian eztabaida eta adostasun prozesuak eman direla. Honakoak dira galdera horiek:
Lezo
- Nahi duzu euskal estatu libre bateko herritarra izan?
Oiartzun
- Nahi duzu euskal estatu bateko herritarra izan?
Pasaia
- Nahi duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?
Errenteria-Orereta (bi galdera)
- Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin?
- Aurreko erantzuna baiezkoa bada, ados zaude independentea izatearekin?
Atzo ezagutarazi zuten Demoarsoko kideek galderen sorta, Errenteriako Merkatuzarren egindako agerraldian. Eta berriz ere errepikatu zuten: “Uste dugu herri honen estatus politikoaren inguruko erabakia herritarrei eta herritarrei bakarrik dagokiela”.
Horregatik, galderak ezagutarazi, horien gaineko eztabaida piztu, eta horiek gizarteratzeko kanpaina egingo duela iragarri dute iniziatibako kideek, herriz herri eta auzoz auzo, “ideia truke honetatik gure eskualdeko giro sozialean kultura politiko berri bat txertatu nahi dugu”.