Udalak ostiralean jakinaraziko ditu Trintxerpeko sutean erretako bi etxe blokeak berreraikitzeko espedientearen gainekoak.
Eraikitzeko baimena lehenbailehen lortu nahi dute Trintxerpeko bizilagunek.
Udalak ostiralean argituko du bere jarrera. Orain arte udal gobernuak ez du adierazpenik egin nahi izan gaiaren gainean, “espedientea aztertzen eta informazio biltzen” aritu direlako. Horiek bukatuta prentsaurrekoa antolatu du ostiral goizerako, “etxebizitzen berreraikuntzaren espedientea nola dagoen eta zein bilakaera izan duen azaltzeko”. Bide batez, auzi honetan udalaren jarrera zein den argituko dutela aurreratu dute.
Bien bitartean, bizilagunek jakinarazi dute udalak hamar eguneko epea eman diela alegazioetan defendatu dituztenak frogatzeko.
Kaltetuak ez datoz bat udalak eskatzen dien diru kopuruarekin, eta zenbatekoa kalkulatzeko erabili dituzten datuak okerrak direla uste dute. Defendatzen duten hori frogatzeko dokumentazioa eskatu die udalak bizilagunei. Kaltetuek horretan ari direla adierazi diote HITZAri.
Ostiralerako elkarretaratzera deitu dute beste behin bizilagunek. 19:00etan elkartuko dira, beti bezala, beren etxeek libre utzi duten orubean.