Autokarabanen Topaketa Solidarioa egingo dute asteburuan Errenteria-Oreretan ehundik gora autokarabanazalek. Muin emaileak lortzea eta gaia gizarteratzea dute helburu.
Muin emaileen donazioa sustatzeko Topaketa Solidarioa egingo dute Errenteria-Oreretan gaurtik hasita.
Kaparik gabeko super heroiak, hegan egiten ez dutenak, pertsona arruntak. Beren bizitza arriskatu gabe, ezagutzen ez dituzten, eta batzuetan hurbilean eta bestetan milaka kilometrora bizi diren pertsonak salbatzeko prest daudenak, modu isil, anonimo eta altruistan. Hori da hezur muin emaile izatea. Ezagutzen ez duzun horri bizitza salbatuko dioten zelulak emateko prest egotea, bizitza oparitzea, azken batean.
Helburu horrekin, gaurtik igandera bitarte 50 autokarabanatik gora eta 100dik gora autokarabanazale elkartuko dira Arramendi magalean dagoen aparkalekuan. Euskal Herri osotik helduko dira, eta baten bat, Euskal Herri kanpotik ere, Errioxatik, zehazki. Hezur muina ematea garrantzitsua dela, pertsona ugarik bizirik jarraitzeko transplantea jaso behar dutela, eta egoera hori bizitzea edonori toka dakiokela zabaldu nahi dute. Jendea kontzientziatu. Eta etxetik hasi dira, beren kolektibotik, lehenengo topaketa solidarioa antolatuta.
Ez da kasualitatea, gainera, Errenteria-Orereta aukeratu izana. «Autokarabana munduan dabilen Errenteriako lagun bat egoera horretan dago. Iaz jakin zuen gaixotasuna zuela, eta sendatzeko muin transplantea behar zuela». Egoera horretatik abiatuta, muin emaile izatea zer den azaltzea garrantzitsua litzatekeela pentsatu zuten. «Askok ez dakigu, edo ideia oso okerra genuen gaiaren gainean. Azkenean halako egoerak hurbiletik bizitzen dituzunean egiten zara kontziente, eta gure inguruko jendea animatu nahi dugu emaile egitera, behar duen orok aukera izan dezan transplantea jasotzeko», esan du Juanjo Bermejo topaketa solidarioaren antolatzaileetako batek.
Ahalik eta emaile gehien
Jabi Saiz errenteriarraren lagunek eta hurbilekoek antolatu dute topaketa solidarioa, eta Errenteriako Udala eta Sorbeltz Autokarabana Erabiltzaileen Euskal Elkartearen babesa dute. Saizek hezur muina behar du.
Hezur muin emaile egiten dena «mundu osorako, behar duen edonorentzat» dela emaile nabarmendu du Bermejok, «ez pertsona bakarrarentzat». Ideia horretan sakondu du ere Irune Zarate, Saizen bikotekide eta autokarabanazaleak: «Gure helburua emaileak lortzea da, behar duen edonorentzat. Emaile izateak hori suposatzen duelako, munduko edozein lekutan beharra duen horri ematea».
Argi dute, eta hori bilatuko dute asteburu osoko topaketaren bidez, «hezur muin transplantea behar duen edonork aurki dezala bateragarria duen emaile bat, eta horretarako garrantzitsua da emaile ahalik eta gehien izatea. Hori da antolatu dugun topaketaren helburua: lehenik, emaile izatea zer den, zer suposatzen duen, eta emaile izateko zein baldintza dauden azaltzea; bigarrenik, zein bide jarraitu behar diren argitzea; eta azkenik, ahalik eta hezur muin emailerik gehien lortzea».
Saizen lagunek eta ezagunek antolatu duten ekitaldiaren bidez hainbat gaixotasun sendatzeko muin transplantea behar dela zabaldu nahi dutela esan du Zaratek. «Erraza da emaile izatea, ematen duenarentzat ez du gehiegi suposatzen. Ez du minik ematen, ez du ondoriorik… baina keinu horrekin, bizitza bat salba dezakezu. Gure helburua da jendeari hezur muina emateko prozesua nolakoa den jakinaraztea, gaia gizarteratzea nolabait ere, eta animatzea emaile egitera, beharra duten pertsonek transplantea egiteko aukera izan dezaten», zehaztu du.
Horren harira, topaketa solidarioaren barruan, hitzaldia antolatu dute. Bihar, larunbata, 10:00etan izango da Reina aretoan, eta bertan, Donostia Ospitaleko Transplante Koordinazio zerbitzuko kideek hartuko dute parte. «Emailea izatea zer den, zein bide jarraitu behar den eta zer suposatzen duen, profesionalek azaltzea nahi dugu. Beraiek dira adituak eta prozesu guztia azaltzeko egokienak», esan dute. Herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera, eta informazioa jasotzera.
Bateragarritasuna
Bateragarritasuna da muin transplanteen gakoa eta zailtasuna. «Emaileak eta gaixoak bateragarriak izan behar dute, bestela ez da bideragarria», azaldu du Lucia Elosegi Transplante Zerbitzuko koordinatzaileak. «Zenbat eta jende gehiago izan prest emaile egiteko, orduan eta aukera handiagoak dituzte gaixoek transplantea jasotzeko», jarraitu du.
Horregatik, emaile asko eta askotariko tipologiakoak izatea garrantzitsua da, «nortasun agiri genetiko tipo ezberdinak izateko zenbat eta emaile gehiago izan, orduan eta aukera gehiago dugulako». Gaur egun, oraindik, emaile bateragarria aurkitzea kostatzen zaiela esan du Elosegik.
Gipuzkoa, Bizkai eta Araban 12.000 hezur muin emaile daude, eta urtero 1.500 emaile berri lortzen dituztela esan du koordinatzaileak: «Euskaldunak oso solidarioak gara, eskuzabalak, eta arlo honetan ere nabaritzen da hori. Organo emaileen kopuruan, adibidez, punta-puntan dago erkidegoa. Hala ere jarraitu behar dugu emaileak lortzen».
Bateragarritasuna da hezur muin transplanteen gakoa eta zailtasuna
Gipuzkoa, Bizkai eta Araban 12.000 emaile daude. Urtero 1.500 berri lortzen dituzte
Izan ere, gauza bat erregistroan izena ematea da, eta bestea, inoiz deitzea benetako emaile izateko, hau da, zure zelula amak atera eta behar dituen pertsonari emateko.
Joan den urtean erregistroan sartzeko izena eman zuten 1.500 pertsonetik 10 baino ez zituzten deitu emaile izateko. «Horiek izan dira benetako emaileak, besteak erregistroan daude, eta agian inoiz deitu beharko zaie bateragarriak baldin badira gaixoren batekin. Kasu askotan urteak eta urteak ematen dituzte zerrendan, eta inoiz ere ez zaie deitzen bateragarriak ez direlako», jakinarazi du Elosegik.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 104 transplante egin zituzten guztira iaz. Elosegik zehaztu du, autologoak, eta alotrasplanteak izan zirela horiek. «Autologoetan, norberaren zelula amak erabiltzen dira transplantea egiteko. Alotrasplanteetan berriz, emaile batenak erabiltzen dira. Gaixoaren familia izan daiteke emaile hori, edo ez».
Emaile unibertsala
Donostiako Ospitalean hezur muin emaile egiten dena mundu osorako egiten da emaile, eta horrela gertatzen da munduko beste emaileekin ere; emaile egiten dena mundu osorako egiten da, ez pertsona bakarrarentzat, bateragarri izatea izugarri zaila delako. Transplantea behar duen Euskal Herriko gaixo baten kasuan, bateragarria den hezur muina dagoen jakiteko bilaketa Espainako Estatuan egingo dute lehenik; aurkitu ezean, Europara joko dute, eta azkenik, munduko emaile zerrendara. «Hain zaila denez bateragarria den emailea aurkitzea probabilitate askoz ere handiagoa izaten da munduko emaileen zerrendan aurkitzeko», azaldu du Elosegik.
Gipuzkoa, Bizkai eta Araban 104 muin transplante egin zituzten iaz
Muina ezinbesteko ehuna da bizitzarako. Bertan fabrikatzen dira zelula amak
Espainiako Estatuan 100.000 emaile zeuden duela hiru urte. «Esfortzu berezia egin zuten eta kanpaina abiatu. Helburua lau urtean kopuru hori bikoiztea zen», azaldu du Elosegik. Hiru urtean, 200.000 emailera heldu dira. Munduan, berriz, 28 milioi muin emaile daude. Transplantea behar duten gaixoak askoz ere gutxiago direla gaineratu du koordinatzaileak, «aniztasuna behar dugu, ordea, aukera gehiago izateko, eta transplantea behar duten gaixo guztiengana heldu ahal izateko».
Ezinbesteko ehuna
Hezur muina ezinbesteko ehuna da bizitzarako. Bertan fabrikatzen dira zelula amak edo zelula ama hematopoietikoak deitzen direnak. Azken horiek, odolaren zelula guztiak sortzen dituztenak dira. Hezur muina 18 urtetik 55 urtera bitarteko pertsona osasuntsu guztiek eman dezakete. Hau da, bihotz-hodietako gaixotasunak, giltzurrunetakoak, biriketakoak, gibelekoak, edo etengabeko tratamendua behar duten gaixotasun kronikoak ez dituzten pertsonek, eta B hepatitisaren, C hepatitisaren, edo hartutako immunoeskasiaren sindromearen (hiesa) birusak detektatzeko analisietan emaitza positiborik izan ez dutenek.
Bizitza salbatzen duten zelula eta super heroien bila abiatuko dira gaur elkartasun topaketa antolatu duten autokarabanazaleak. Lehenengo esperientziak zer emango duen ez dakite, baina topaketak segida izango duela esan dute. Bien bitartean, gogotsu ari dira lanean «espero dugu jendeak erantzutea».
Gaixoen %92ak lortzen du muin emaile bateragarria
Autokarabanen Topaketa Solidarioaren aurkezpena.
Hezur muinaren emaile izan nahi dutenek, Donostiako trasplante koordinazio zerbitzuarekin harremanetan jarri behar dute. 943 00 70 00 telefono zenbakira deitu behar dute horretarako. Donostia Ospitalean kokatuta, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako erreferentzia zentroa da, bertan egiten baitira trasplanteak eta baita ere donazioak. Behin haiekin harremanetan jarrita, posta elektronikoz edo ohiko posta erabilita informazioa helaraziko diote interesdunari: emaile izateko beharrezko baldintzak, suposatzen duena… eta baimena sinatuta, emaile izateko prozesua abiatuko dute.
«Une horretara iritsita, bilera egiten dugu emaile izan nahi duen pertsonarekin, eta zuzenean azaltzen diogu zer suposatzen duen emaile egiteak, eta zein prozesu jarraitu behar diren muina atera eta behar duen gaixoari trasplantea egiteko», azaldu du Lucia Elosegi zerbitzuaren koordinatzaileak.
Emaile izateko 55 urtetik beherakoa izan behar da eta hainbat gaixotasun ere ez dira bateragarriak. Aurrera egitea erabakitzen dutenekin , behin baimena sinatuta, emaile izateko prozesua abiatzen dute. Odola ateratzea da hurrengo urratsa: «Odol lagin bat ateratzen diogu emaileari, bere histobateragarritasun ezaugarriak aztertzeko. Gainera, laginaren zati txiki bat gordetzeko baimena eman beharko du, etorkizunean gaixo bateragarri bat agertzen bada, berriro odola atera gabe, haren azterketan sakondu ahal izateko».
Emaile ahalik eta gehien
Izena ematen dutenen artetik, benetan emaile izatera heltzen diren lagunen kopurua oso txikia dela esan du Elosegik: «Gauza bat da erregistroan izena ematea, eta beste bat inoiz deitzea». Hori omen da transplante mota honek duen zailtasuna, emaileak bateragarria behar duela izan. Azken arrazoi horregatik da garrantzitsua ahalik eta emaile gehien izatea, «zenbat eta emaile gehiago izan, orduan eta aukera handiagoak izango baitituzte gaixoek transplantea jasotzeko».
Hezur muin transplantea behar duten gaixoen %92ak lortzen du gaur egun emaile bateragarria, Elosegik esan duenez: «Oraindik ere kopuru txiki bat gelditzen zaigu lortzen ez duguna, %8a ingurukoa». Datuak ere eman ditu: «Anai-arreben arteko bateragarritasuna, errazena dena, %25ekoa izaten da; gainontzeko senideekin, berriz, %5ekoa; eta hortik kanpo oso txikia». Unea iritsita, berriz, emaileek baietz erantzutea oso garrantzitsua dela gaineratu du koordinatzaileak: «Emaile bati deitu eta esaten diogunean ‘zurekin bateragarria den gaixo bat dugu’ baietz esatea ezinbestekoa da, eta hala da normalean deitzen dugunean, jendeak baiezkoa ematen du».
Bi teknika
Dei hori urduri, baina pozez hartzen dutela erantsi du, «bere zelulak behar ditugula esaten diogunean emaile bati, pozik hartzen du. Ematea ez da tontakeria, emozionalki izugarri garrantzitsua da».
Muin transplantea behar duten gaixoek, hezur barruko muina behar dute. Hori lortzeko bi teknika balia daitezkeela azaldu du: «Hezur muina zulatuta atera daiteke, aldakatik ateratzen da, eta horretarako anestesia orokorra erabiltzen dugu. Goizean etorri eta 24 orduko ingresoa egin behar du emaileak».
Aferesi bidezkoa da muina emateko bigarren modua: «Duela urte dezente ohartu ziren behar diren zelula horiek hezur muinetatik irten eta odolera pasatzen zirela. Horretarako, bost egunez medikazio bat hartu behar du emaileak, eta epe hori amaituta, odola ateratzen zaio. Makina batek zentrifugatu egiten du eta trasplanterako behar diren zelulak hartuta, gainontzeko osagai guztiak itzultzen dizkio emaileari». Aferesi bidez emateko, goizetik eguerdira egon behar dute emaileek ospitalean, «batzuetan, oso gutxitan, bi aferesi behar izaten dira, baina ohikoa egun batean egitea da». Prozesu guztia Donostia Ospitalean egiten du emaileak, «zelulak dira bidaiatzen dutenak munduan zehar, beharra duen hartaraino heldu arte».
Gaixotasunaren arabera, egokiagoa da bata edo bestea erabiltzea. Ematea, emaile izatea ez dela tontakeria errepikatu du, ez jasotzen duenarentzat, ezta ematen duenarentzat ere. «Zure bi goizekin, bizitza bat salba dezakezu».