Hainbat informazio euskarrirekin bost edukiontzien sistemaren berri ematea da 'Gai bakoitza bere edukiontzian' kanpainaren xedea.
Bost edukiontzien sistema martxan da jada Altamiran.
Hondakinak biltzeko bost edukiontziko sistemaren xehetasunak emateko eta herritarrak hori modu egokian erabiltzera animatzeko
Gai bakoitza bere edukiontzian leloarekin informazio kanpaina abiatu du Altamira auzoan Lezoko Udalak. “Guztion ardura da gaikako bilketa egokia egitea gaikako tasak hobetzeko”, esan du udalak. Informazio kanpaina eraginkorra izan dadin hainbat euskarri baliatu ditu udal erakundeak: informazio kartelak, eskuorriak eta abar.
Udalak berretsi du hondakinak biltzeko sistema berria lezoarren “behar eta ohituretara” egokitu dela, eta horren helburu nagusia dela “egungo sistema hobetzea eta herritarrei erraztasunak eskaintzea gaikako bilketa datuak hobetzeko”.
Bilketa datuak hobetu bakarrik ez. Jesus Mari Martiarena buru duen udal gobernu taldeak zehaztu du Lezok urteko 268.500 euro aurreztuko dituela Altamiran hastapenetan den, eta gerora herri osora zabalduko den sistemarekin. Eta Martiarena ziur dago lezoarrek ondo erantzungo diotela sistema berriari: “Ziur gaude lezoarrek aldaketaren aurrean ondo erantzungo dutela eta edukiontzien sistema modu egokian erabiliko dutela”. Sistema horretan, hondakinak, edozein dela ere, egunero atera daitezke, “erosoagoa izateaz gain, sistema garbiagoa eta ekonomikoki jasangarriagoa da”.
Giltzak eta poltsak
Bost edukiontzien sistemak hondakin organikoentzako edukiontzi propioa du, marroia. Lezon, hori, giltza bidez zabaldu behar da: giltza horiek, eta udalak emango dituen poltsa konpostagarriak 10:00etatik 13:00etara jasotzeko aukera dute herritarrek, udaletxeko Hirigintza bulegoan. Ordutegi horretatik kanpo poltsak Udaltzaingoaren egoitzan eskura ditzakete Altamirako biztanleek.