Uztailean botikak, haurrentzako nahiz garbiketa materialak bildu zituzten herrian, siriarrekin elkartasun keinua egiteko.
29 kaxak bi paletan egokitu dituzte.
Osasun materialarekin, haurrentzako gaiekin (pixoihalak, esne hautsa…), eta garbiketa produktuekin 29 kaxa abiatu dira Errenteria-Oreretatik Siriara. Material hori boluntario talde batek bildu zuen, Errenteriako Udalaren laguntzarekin uztailean zehar —bidalketa gastuetan lagundu du, 2.000 eurorekin—. Herriko hainbat farmaziak eta supermerkatuk ere lagundu dute kanpainan.
Kaxak lehenik Turkiara iritsiko dira, eta handik hartuko dute Siriarako bidea. Hori guztia Asociación de Amigos del Pueblo Sirio elkartearen bitartez bideratzen ari dira.
Udalak eskerrak eman dizkie ekarpena egin duten guztiei, materiala eman, edo boluntario bezala lanean ibili direnei.