Antzezle bihurtuko dira Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleak. Izan ere, antzerkigintza tailerrak antolatu dituzte datorren hilabetean ikasleei begira.
Antzerki eskolak antolatu dituzte euskaltegietako ikasleentzat.
Antzezle bihurtuko dira Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleak. Izan ere, antzerkigintza tailerrak antolatu dituzte datorren hilabetean ikasleei begira. Ikasi duten euskarari hauspoa ematea dute helburu tailerren bidez, ikasleek erabilerarako jauzia egin dezaten. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta Pasaiako Badia Eskolak sustatu dute iniziatiba, baina eskualdean antzerki munduan ari diren eragileen babesa jaso du. Horrenbestez, Pasaiako Badia Eskola, Errenteria-Oreretako Antzerki Labea, Lezoko Orratx, eta Oiartzungo Antzerkizaleak elkarlanean ariko dira.
Martxoaren 6an hasita, 31 bitartean astean behin bi orduko saioa egingo dute izena ematen duten ikasleek. Euskararen ikaskuntzan erabilerarako jauzi sendoa egiteko, eta antzerkiaren bidez beste hainbat trebetasun lantzeko aukera izango dute parte hartzen duten ikasleek: “motrizitatea, mugimendua, ahotsa eta auto konfiantza landuko dira besteak beste, ariketa errazen bidez”.
Interesdunek euskaltegian bertan eman beharko dute izena hilaren 16ra bitartean. Ikastaroa doakoa da.
Eskolen egutegia
- Errenteriako Udal Euskaltegia: Asteartetan 09:30etik 11:30era.
- Errenteriako Xenpelar AEK Euskaltegian: Asteazkenetan, 09:00etatik 11:00etara.
- Lezoko Oroitzene AEK Euskaltegian: Astelehenetan 15:30etatik 17:30era.
- Oiartzungo Intxixu AEK Euskaltegian: Ostegunetan 09:30etik 11:30era.
- Pasaiako Udal Euskaltegia: Asteazkenetan 09:30etik 11:30era.
- Psaia Antxoko Txirrita AEK Euskaltegia: Asteartetan 09:30etik 11:30era.