Gipuzkoan 54.762 etxeetan bizi dira pobrezia energetikoan, eta arazo hori 80 urtetik gorako pertsonak dituzten lau familiatik bati, 9.859ri hain zuzen ere, eragiten dio
GOT taldeak deituta elkarretaratze zaratatsua egingo dute ostiralean pobrezia energetikoaren kontra.
Pobrezia energetikoari aurre egiteko eta argindarraren tarifa igoeraren aurka azaltzeko elkarretaratzera deitu dute ostiralean. GOT Grupo Oarso Taldeak deitu du protesta. Gipuzkoan 54.762 etxeetan bizi dira pobrezia energetikoan, eta arazo horrek 80 urtetik gorako pertsonak dituzten lau familiatik bati, 9.859ri hain zuzen ere, eragiten dio GOTek salatu duenez.
Aurtengo argindarraren ordainagiria iazkoa baino %20 garestiagoa izango dela esan dute eta horren errudun botere politikoa eta ekonomikoaren arteko harreman estuari egotzi dio taldeak. Azken horiei gainera, teknologia kutsakorrak bultzatzea leporatu die, “energia berriztagarriak oztopatzen dituzten bitartean, nahiz eta azken horiek, aldaketa klimatikoa geldiarazteko egokiak izan”.
19:30ean egingo dute elkarretaratze zaratatsua eta itzalaldia Niessen Merkatalguneko sarreran, eta bertara deitu dituzte herritar guztiak. Pobrezia energetikoarekin bukatzeko, eta ahulezia egoeran dauden familiei eraginkortasun energetikorako finantziazio politikak eta sostengua emateko eskatuko dute. Ez hori bakarrik, eguzki zerga bertan behera uzteko ere eskatuko dute ostiraleko elkarretaratzean, eta baita energia arloaren sozializazioa eta kudeaketa demokratikoa ere.
Duintasunaren lehen astelehenetako elkarretaratzean eman du GOTek protestaren berri. Horren harira, argindarra eta gasaren ordainagiriaren gaineko BEZa %4ra murrizteko eskatuko duen mozioa plenoan aurkeztea proposatu du Duintasunak: “Badakigu udalaren eskumena ez dela, baina legebiltzarrera mozio horren berri bidaltzeko eskatuko genioke onartuko balute”.