Huelvako Nuevo Colombinon jokatutako emakumeen arteko lehen partida ofiziala etxeko taldeak eraman du. Oiartzunek hamar jokalarirekin bukatu du.
Huelvakoek aukera ugari sortu zituzten, baina Arranzen (eskuinean) kaleratzera arte ez zuten golik lortu.
2017an olatu ona harrapatua zeukan Oiartzun Kirol Elkarteak. Atzora arteko hiru partidatan bi garaipen eta berdinketa bat lortu zituen, baina atzokoan olatua itsasertzera iritsi zen.
Emakumeen bi futbol taldek Nuevo Colombino futbol zelaian jokatutako estreinako partida izan zen atzokoa. Gertakizun berezia ospatzeko, 4.000 ikuslek jarraitu zuten partida. Huelvako Sporting bera haize erauntsi bat bezala atera zen zelaira, eta bosgarren minuturako hiru aukera izan zituzten. Oso aurrean presionatu zuten, gainera, eta Oiartzuni ez zioten utzi bere jokoa egiten. Aukera gehiago sortu zituzten etxekoek, eta ahal bezala eutsi zuten oiartzuarrek.
Talde urdinaren lehenengo aukera ez zen 25. minutura arte iritsi. Hortik aurrera parekatuago joan zen jokoa, eta golik gabe iritsi ziren aldageletara.
Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi zen, Huelvakoen aukera ugarirekin. Oiartzunek sendo jasan zuen setioa. Gauzak, ordea, 66. minutuan okertu ziren. Epaileak bigarren txartel horia atera zion Joana Arranz atzelariari. Jokalari bat gutxiagorekin, Gari Argotek zuzendutakoek ezin izan zioten emaitzari denbora luzez eutsi. 72. minutuan Anitak Oihana gainditu zuen, hiru minutu beranduago Laura Rusek handitu zuen aldea. Bisitariak saiatu ziren atea aurkitzen, baina Irantzuk 89. minutuan botatako jaurtiketa hutsala izan zen.
Porrota jasan arren, hamalaugarren postuari eusten dio Oiartzunek, Espanyolekin berdinduta. 11na puntu dituzte bi taldeek. Datorren igandekoa hil ala biziko partida izango da, Tacuense azkeneko sailkatua jasoko baitute Karla Lekuonan, 12:00etatik aurrera. Aukera bikaina maila eusteko borrokan beste pauso bat emateko. Izan ere, Fundacion Albacete bi puntura dute oiartzuarrek, eta Mantxakoek Atletico Madril liderraren kontra dauka partida.
Olatu baten ondoren dator hurrengoa.
Gainontzeko emaitzak
FUTBOLA
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
Emakumeen Euskal Liga
Gizonen Lehen Erregionala. Igoera Fasea.
- Segura Goierri-Oiartzun B: 2-1.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Hirugarren Maila
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Lauburu Aldaz Klinika-Power Rangers:2-1.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Gure Txokoa-Miren Taberna: 3-4.
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Lehen Maila
- Don Jabugo Ensanche Erroibide-Oiartzungo Saskilagunak: 58-48.