Hamar urtetik zazpira jaisteko eskaera egin du preso oiartzuarrak, ezarri zioten zigorreko delitua ez zelako bortxazkoa. Ukatu egin diote.
Joxean Etxeberria.
Espainiako Auzitegi Gorenaren bigarren epaitegiak Joxean Etxeberria presoak egindako zigorraren jaitsiera eskaera atzera bota du. Etxeberriak 2009an jarritako zigorra jaistea eskatu zion Auzitegi Nazionalari, ezarri zioten zigorra hain larria ez zelakoan, ez baitzuten indarkeriazko delitu batengatik zigortu. Horrela, Zigor Kodearen 579 bis artikulua egikaritzea eskatu zuen Etxeberriak, eta zigorraren gradu bat edo bi jaistea. Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen eskaera, eta orain Auzitegi Gorenak egin du hori.
Auzitegi Gorenaren epaiak onartu du Etxeberriak ez zuela bortxazko deliturik egin, “baina erakunde terroristan jokatutako papera ez zen garrantzia txikikoa izan”. Epaitegiak “bigarren mailako ardura” egozten dio Etxeberriari, “Ardatzaren kontseilari eta administratzaile bakarra zelako, eta KASen diruzaina zelako”.
Boto partikularra
Epaiak Joaquin Gimenezen —bost epaileetako bat— boto partikularra du. Zigorra hamar urtetik zazpira jaistearekin ados zegoen, proportzionaltasun printzipioarekin bat egiten duelakoan. Izan ere, ETAk jarduera armatua duela bost urte utzi izanak pisua izan du bere erabakian: “Arauak momentuko errealitate soziala kontuan hartuta aplikatu behar dira”.
18/98 sumarioarekin lotuta espetxean jarraitzen duen bi presoetako bat da Etxeberria (bestea Txema Matanzas da).