Jabearen estimazioa atzera bota dute, legeriaren barruko kalkulua ez egiteagatik. Udalak egindakoa aho batez onartu dute.
Parkearen eta igerilekuaren artean dago desjabetu behar duten eremua.
Ezohiko udalbatzarra egin dute gaur Oiartzungo pleno aretoan. Puntu bakarra, tramite administratiboa betetzeko, zuten mahai gainean: Txarako lur eremu baten balorazio ekonomikoa. Nahitaez desjabetu behar dute eremu hori.
Orio Txoko Txiki SL da eremuaren jabea, eta bere estimazioa aurkeztu dute. 2.749.000 euro da euren kalkulua, baina egungo legeria bete gabe. Udaleko teknikariek zein kanpokoek euren estimazioa 46.079 euroan utzi dute landa lur horren balioa.
Idazkariak azaldu duenez, 2007 urtera arte lur eremuak euren garapen espektatiben arabera kalkulatzen ziren. “Europako zuzentarauak hori aldarazi zuen eta ordutik lur bakoitzaren balorazioaren eta egin diren inbertsioen arabera kalkulatzen da, eta kasu honetan ez da horrela egin”, zehaztu du. Aho batez onartu dute udalaren balorazio ekonomikoa.
Arau Subsidiarioetan sistema orokor bezala izendatuta dago gaur hizpide izan duten eremua. Horren harira, jabeak desjabetzea eskatzeko eskubidea egikaritu du.