Hondarribiko XVII. Traineru Jaitsiera lehiatuko da larunbatean.
Eguraldi iragarpena ona da larunbaterako, eta zale ugari hurbildiko direla espero da.
Orion lehiatu dira aurten lehenbizikoz eta dena gertu dute aurtengo neguko bigarren zitarako. Hondarribiko XVII. Taineru Jaitsiera jokatuko da larunbatean, 16:00etatik aurrera, hondartza parean.
TKE Ligako sei ontzik parte hartuko dute estropadan, hiru gipuzkoar, bi bizkaitar, eta kantabriar bat . Etxekoak, noski, ez dira faltako, eta Ama Guadalupekoekin batera, San Juan, eta San Pedro ariko dira lehian. Bizkaitik, Hondarribikoen azken urteotako kontrario nagusi Bermeo batetik, eta bestetik, Ondarroa. Kantabriatik, azkenik, Astillero.
Guztira, 32 traineruk parte hartuko dute, horietatik zazpi Oarsoaldekoak: San Juango hiru traineru – emakumeena bat, eta mutilen A eta B- San Pedro A eta B ontziak, mutilenak, eta Hibaikako beste bi, emakumeena bat eta mutilena bigarrena.
Bi luze eta itsas zabalean
Garai batean Kontxaren sailkapen estropada lehiatzeko erabiltzen zen estropada eremu berean jokatuko da bihar Traineruen Jaitsiera, hondartza parean -1982 urtera arte lehiatu zen bertan Kontxako Sailkapen Estropada-. Bi luzeetara neurtuko dituztenez indarrak, ontziak itsas zabalera irtengo dira, ikuskizuna are erakargarriagoa eginez.
Probaren garaipenen errekorra Hondarribiak du, 6 aldiz irabazita; lau aldiz irabazi du Oriok , hiru Bermeok, bi Astillerok eta behin San Pedrok.
Partaideak, irteteko hurrenkeran.