Herriarteko bertso txapelketari dagokion saioa egin zuten ostiralean, elkartean. Urretxu eta Zumarragako Potoshop taldea izan zuten arerio.
Bertsolariak mozorrotuta aritu ziren Girizia elkartean.
Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketari dagokion saioa egin zuten pasa den ostiralean, Girizia elkartean. Bertso-afari formatua izan zuen Oiartzungo Martzelina eta Urretxu-Zumarragako Potoshop taldeak aurrez aurre izan zituen saioak.
Inuateriak izanik, mozorrotuta agertu ziren bertsolariak. Zakuz jantzita —Ote-gizonaren mozorroa eta guzti— etorri ziren Urretxu eta Zumarragakoak; oiartzuarrak, berriz, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen itxurarekin egin zuten saioa.
Afaldu ondoren hasi zen bertso saioa. Potoshopek Oiartzungo abeslari eta poetak izan zituzten gogoan euren agurrean. Puntuazioz kanpo, Jon Martinek eta Antton Fernandezek ofizio nabarmena egin zuten, eta bi taldeek oinak jarriz egin zutena ere aipatzekoa izan zen.
Epaimahaiaren iritziz, Martzelina taldea hobea izan zen. Hori bai, etxeko taldea alde txikiagatik gailendu zen (13-11). Multzoko azkeneko saioa falta da; Urretxu-Zumarragak eta Oñatik jokatuko dute.