Jolas poteo girotua eta afari feminista antolatu dituzte martxoaren 8aren atarian.

Jolas poteo girotua antolatu du gaurko Topaguneak.
Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren atarian, gaur Antxoko hiru eragile elkartu eta festa eta aldarrikapena uztartuz egitarau erakargarria atondu dute.
19:00etan, Gure Zumarditik, “jolas-potea girotuta” abiatuko da. TOPAguneak antolatu du jarduera, jai ereduaren bueltan lan egin asmoz sortutako eragilea. Jai parekideak aldarrikatuko dituzte gaurko poteoan, sanferminetarako atzerako kontaketan hirugarren harmaila igotzea -martxoak 3- tokatzen dela baliatuta.
Eta poteoaren ondoren “afaria eta bingo feminista”. Basari elkarteak eta Harremantxok antolatuta, 21:30ean hasiko da.
Gaurko jarduera denak jai giroan ospatuko dituzte. Baina martxoaren 8aren bueltan atondutako
egitaraua, askoz ere zabalagoa da.
Ekitaldi oso interesgarriak iragarrita dituzte datozen bi asteetarako.