Jabier Muguruza irundarrak kontzertua emango du igandean, 20:00etan, Lezoko Gezala Auditoriumean, Istorio txikiak, kantuekin, azalduko ditu.
Jabier Muguruzak martxoaren 5ean joko du Gezalan.
Jabier Muguruzak Tonetti anaiak diskoaren kantak aurkeztuko ditu igandean Lezoko Gezala Auditoriumean. 20:00etan hasiko da musika emanaldia (8 euro). Giro hurbila, lasaia eta atsegina proposatuko du irundarrak, Mikel Azpiroz pianistarekin batera.
Lezoko Udalak urteko lehen hiruhilekorako prestatu duen kultur programazioaren barruko ekitaldia da.
2015eko bukaera aldean ikusi zuen argia Tonetti anaiak diskoak. Igandean Lezora iritsiko da. Istorio txikiez osatutako bilduma da.
Ohi bezala, hori da nigan interes handien pizten didan jarduna, istorio txikiak kontatzea, testuei dagokionez. Musikaren aldetik hor badago beste interes eta bilakaera bat.
Eta istorio horien artean, Tonetti anaiena, haurtzarotik datorkizuna.
Iruñean Oskar Alegriaren
Emak bakia pelikula ikustera joan nintzen, gomendagarria oso. Pelikula zoragarri horretan kontatzen da, besteak beste, pailazo bat ez dela sekula hiltzen. Horren harira, filma eta gero, solasaldi bat zabaldu zen eta nik kontatu nuen txikitan, haurtzaroko bizipen bat izan nuela, eta abestian ere islatzen dut hori.
Ez dakit nola eta zergatik, Tonetti anaiak nire aitaren lagunak ziren, haiekin egon ginen Irunera etorri zirenean, argazkia eta guzti atera genuen [diskoaren azalean dago irudi hori]. Handik urte batzuetara jakin nuen anaietako batek buruaz beste egin zuela. Gertakizun tragiko hori kontatzen dut, baina irauli egiten dut hori, esanaz pailazo bat ez dela sekula hiltzen, eta horregatik, nire baitako umea lasaitu egin da. Leiho bat irekitzen saiatu naiz, istorio tragiko batetik, argia ematen saiatu naiz kantarekin.
Giroak sortu nahi dituzu Tonetti anaiak-ekin, eta isiltasunak ere badaude.
Isiltasunena aspaldiko kontua da nire musika ibilbidean. Garrantzia ematen diot. Hainbat testigantza irakurri, eta ondorioak atera nituen. Eta konturatu nintzen isiltasunak balio handia duela musikan. Ni beste mundu batetik nentorren, akordeoiaren mundutik, partituretatik eta birtuosismotik: haurtzaroa, lehiaketak, ordu asko ikasten… Eta ikusi nuen birtuosismotik beste muturrean bazegoela beste kontzeptu musikal bat, oso aberatsa gainera.
Ondoan Mikel Azpiroz duzu, bidelagun egokia.
Egokia eta musikari bikaina. Euskal Herrian badugu musikari belaunaldi oso indartsu bat, bertakoa da bera. Euskal Herritik kanpo ere Mikelen estiloak eta lan egiteko moduak interes asko pizten du. Ez da pianista bat soilik, ez da musikari laguntzaile bat. Mikelek oso giro bereziak sortzen ditu, musikalki oso aberatsa da.
Igandean Lilatoia da, Donostiako emakumeen lasterketa. Tonetti anaiak diskoan beste istorio bat kontatzen duzu, Kathrine Switzer-ena: Boston hiriko maratoia egiten lehen emakumea izan zen, 1967an, zailtasun handiekin gainera.
Igandeko Lezoko kontzertua ziurrenik abesti horrekin hasiko dugu,
Kathrin Switzer. Ez nintzen oroitzen igandean Lilatoia zenik, eta begira, erabat bat egiten du abestiak egunarekin. Guri ere tokatu zaigu gure herrian bizitzea halako istoriorik, ez gainera maratoiaren ingurukoa. Switzer parte hartzen saiatzen da, batzuk alde daude, besteak kontra. Baina lortu egin zuen parte hartzea, eta ez hori bakarrik: handik urte batzuetara maratoia irabazi zuen.
Japonian ere izan da Tonetti anaiak…
Japoniara joateko lan asko egin behar izan dut, eta azkenean lortu. Banuen ilusioa hara joateko; Joxe Ripiau taldearekin egona nintzen han, baina beti izan dut susmoa egongo zela bertan publiko bat nire proposamen honetarako. Eta egia esan, ondo joan zen esperientzia, lau kontzertu eman genituen, eta esperientzia ederra izan zen. Pentsatzen jarraitzen dut haiek misterio antzekoa direla guretzat, nahiz eta haiek galderaz josi, ez naiz gai haien mentalitatea ulertzeko.
Igandean, Gezalan, Japoniakoa ez, bertako publikoa izango duzu aurrean. Besaulkian esertzerakoan, zein giro, usain, jasoko dute lezoarrek?
Publikoarekin hurbil egotea gustuko dut. Abestien gaineko azalpenak ematea gustuko dut. Hitza erabiltzea gustuko dut, kantuak daude, baina hitzak ere bai. Hori ikusleek jasoko duten giroa, hurbila.