Lierni Lekuonak (Lezo, 1995) laugarren urtea du elitean. Errepidea eta ziklokrosa uztartzen ditu, eta ziklokrosean Euskadiko txapeldun izan da.

Lierni Lekuona, txirrindularia.
Lierni Lekuonak (Lezo, 1995) laugarren urtea du elitean, Bizkaia-Durangorekin. Errepidea eta ziklokrosa uztartzen ditu, eta bigarren diziplina horretan Euskadiko txapeldun izan da.
Euskadiko Ziklokros Mailako Txapelketa irabazi duzu, 21 urterekin. Lorpen handia zure adinarekin horrelako txapelketa bat irabaztea, ezta?
Bai. Olatz Odriozola, normalean ondoen ibiltzen dena, falta zen, baina dena ongi ateratzen zaizun egun horietako bat izan zen. Ez nuen ia sinisten.
Denboraldian hiru egunetan bakarrik eduki dugu lokatza, eta egun horretan oso lokaztuta zegoen. Berrizko zirkuitu hori, lokatzarekin, oso teknikoa da. Asko gustatu zitzaidan.
Zure ezaugarrientzako hobeto da lokatza?
Bai. Azkenean, erresistentzia handia eskatzen duten probak prestatzeko denborarik ez dut eduki. Gehiago kostatu zitzaidan horietan aritzea. Berrizkoa teknikoagoa denez, errazago egin zitzaidan.
Pasa den asteburuan hasi zuten zure taldekideek denboraldia, Flandrian, Omloop het Nieuwsbladen. Zein helburu dituzu aurtengo denboraldirako?
Ni urtero joaten nintzen Belgikara, klasiketara, baina lasterketa oso zailak dira: haizea, pave-a, indar asko xahutu behar dituzu… Oso goiz dira lasterketa horiek, eta oso ongi prestatuta joan behar duzu horra. Aurten erabaki dut ez nintzela joango, eta aurrerago hasiko nintzela.
Ziklokrosa bukatuta, atsedena hartu nahi nuen, eta udaberrian hasi. Hilaren 19an hasiko naiz, Tafallan, Euskaldun Trofeoaren barruko lasterketan, eta Euskadi eta Espainiako Kopak jokatuko ditut. Gero ea taldeak lasterketetara joateko aukeratzen nauen: Emakumeen Bira eta abar.
Udazkenean Espainiako Txapelketara joan nahi dut. Aurten lasaiago hartzen ari naiz. Entrenatu eta nire burua ikusi nola dagoen; horren arabera erabakiko dut. Helburu batzuk jartzen badituzu, ez dakizu nora iritsiko zaren…
Iaz Italiako Giroan ibili zinen. Zer moduz esperientzia?
Ia bi asteko itzulia da, eta hara iristen zara eta zure buruari esaten diozu oraindik beste zazpi etapa-edo falta direla. Azkenean errutina baten sartzen zara, eta egunak pasatzen joaten dira. Konturatu nintzenerako, ongi pasatu nituen egunak. Oso gogorra da, baina beno…
Beste maila bat da, hala ere. Onenek, nahi dutenean, estutzen dute eta beren hautaketa egiten dute. Egunero sufritu nuen, baina esperientzia hartzeko eta kilometroak egiteko oso ongi etorri zitzaidan.
Oraindik gaztea zara, eta urteak joan ahala, erresistentzia hartzen joaten zara.
Hori da. Eta emakumeetan, onenak nahiko helduak izaten dira. Badaukagu denbora ordura arte.
Zein terreno nahiago duzu?
Aldapan gora esango nuke, nahiz eta lehenengo urte hauetan toki guztietan kostatzen ari zaidan. Baina hoberen sentitzen naiz mendateetan gora.
Lokatza ala asfaltoa?
Oso ezberdinak dira. Txirrindulari guztiak errepidera bideratzen gaituzte, nahiz eta ziklokrosa gero eta indar handiagoa hartzen ari den. Gazte Mailan nenbilenean, mountain bike-a ere egiten nuen. Baina azkenean, denek errepidera eramaten zaituzte. Ziklokrosean edo mendiko bizikletan ongi aritu arren, badago pentsamendu hori errepidea probatu, eta gero besteetara bueltatzearena. Horretara bideratzen zaituzte ere. Hala ere, asko gustatzen zait ziklokrosa. Denetik probatu behar da!
Zer moduz taldekideekin?
Taldekide asko aldatzen joaten dira, eta bi geratzen gara hasieratik. Baina zuzendariak, mekanikoak eta abar, denek elkar ezagutzen dugu eta oso gustura nago. Ongi portatzen dira nirekin.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Aurreko urteetan nahiko zaila eduki nuen, eta gauzak ez ziren nahi bezala atera. Asko sufritzen da, eta planteatzen duzu ea merezi duen jarraitzeak. Baina, adibidez, hilabete egon nintzen bizikletan ibili gabe, eta hutsune hori sumatu nuen.
Batzuetan pixka bat
agobiatu egiten zara, eta hartu ala utzi ez dakizu. Baina bai, oso gustuko dut txirrindularitza eta argi daukat jarraituko dudala. Orain ikasten ari naiz, eta ongi moldatzen naiz biekin. Gustura nabil psikologia ikasten. Gogorra da ikastea eta entrenatzea, eta beste gauzetarako ia ez duzu denborarik.
Zenbat entrenatzen duzu? Nondik ibiltzen zara?
Astean egun batean atseden hartzen dut, baina bestetan entrenatzera ateratzen naiz. Egun batzuetan ordu eta erdi bakarrik ibiltzen naiz, baina badaude beste egun batzuk lau ordu edo lau ordu eta erdira iristen naizela.
Lesaka aldera asko joaten naiz, baita Ipar Euskal Herrira ere: Dantxarinea, Hendaia eta Ziburu arteko errepidea… Gehienbat hemen inguruan, dena aldapan gora den arren [kar-kar]. Batzuetan Orio inguru horretara ere joaten naiz, baina ez zaitt gehiegi gustatzen, trafikoagatik.
Bizkaiko talde batekin zabiltzan arren, etxeko taldean, Allerrun, hasi zinen.
Hamar urterekin. Kimu Mailakoa izan arte, ezin zara hasi. Eskola Kirola egiten nuen, eta beti galdetzen nuen noiz has nintekeen.
Santakrutzetan zinta lasterketa antolatzen zuten Allerrukoek. Entrenatzaileari beti galdetzen nion ea noiz apunta nintekeen, eta hark Kimu Maila arte ezin nuela esaten zidan. Eta ni, zain. Aita ibiltzen zen —eta da— bizikletan, mendi bizikletakoekin. Hor bai egiten zituzten eskolak, eta lasterketak antolatzen zituzten. Kadete Maila pasatuta, Caja Ruralen egon nintzen urtebetez, eta gero bi Tolosako Limousinen. Han mutilekin ibiltzen nintzen. Gero Bizkaira.
Nolakoa izan zen salto hura?
Oso gogorra. Data hauetan kanpoko lasterketetan ibiltzen nintzen: Gazte Mailatik Flandriara ibiltzera pasatu nintzen. Han bi aste gelditu ginen, klasika guztiak korritzen, eta ez nuen bat bera ere bukatu! Oso gogorra izan zen, ia ez nekien ezta non nintzen ere! Gaizki pasatu nuen, baina garai hartan Leire Olaberria zebilen taldean, eta ongi zaindu ninduen. Lasaitzeko esaten zidan, eta denak pasatu direla hortik. Orain badakit non nabilen, gero ikusten duzulako udako lasterketak oso ezberdinak direla. ‘Ez naiz horren txarra!’ esaten diozu zure buruari.
Txirrindulari gogokorik ba al duzu?
Mountain bike-an ibiltzen nintzenez, Marga Fullana jarraitzen nuen gehiago. Errepidean, Marianne Vos. Ikusten duzu ibiltzen dela errepidean, ziklokrosean… Gustua ematen du ikustea nola ibiltzen den, perfektua da.
Omenaldia egin dizute Lezon. Ohorea izan al da zuretzako?
Herriak omenaldi hori egitea, eta lan hori eskertzen dizutela ikustean, oso polita da. Plaza guztia betea zegoen, eta oso urduri nengoen [kar-kar]. Herria eskertu nahi dut, horrelako omenaldi bat jasotzeak indarrak ematen dizkizulako.
Barruan sartuta zaudenean, ez duzu ikusten zer egin duzun. Entrenatzen ibiltzen zara, zerbait lortu nahi duzu, eta horrelakoek balio dute orain arte lortu duzunaz hausnartzeko. Baita ere ikusteko badirela urteak bizikleta gainean nabilela, eta indarra ematen dizu jarraitzeko.
Jarraitzen nauten guztiei, baita gurasoei ere, eskerrak eman nizkien omenaldian. Aukera aprobetxatu nuen.