Lau hamarkada bete berri ditu Arkaitza tabernak. Arrutitarrek gobernatzen dute bertsozale eta euskaltzaleen, baita beste askorena ere, topagune dena.

Amaia eta Jone Arruti ahizpak.
Aiako Harria Oarsoaldeko irudi esanguratsuenetako bat da. Duela milioika urte sortu zen. Denbora gutxiago behar izan du Errenteria-Oreretako Arkaitza tabernak esanguratsu bilakatzeko. 40 urte. Horiek dira Gamon Zumardian irekita daramatzan urteak.
Pasa den larunbatean, otsailak 25, festa batekin ospatu zuten 1977ko egun horretan bertan ireki zutela. Jone eta Amaia Arruti ahizpak ari dira taberna gobernatzen, baina gurasoek ireki zuten negozioa. Eta kasualitateak nahi izan zuen Errenteria-Oreretan izatea. «Aitak zerrategi bat zeukan, eta orduan ere krisi garaiak harrapatu zuen. Bost seme-alaba zituzten, eta nonbaitetik bizi behar zuten. Egunkarian begiratu, eta Irungo taberna batekin hasi ziren tratuan», gogorarazi du Jone Arrutik. Irunera bidean joaten zirenero, fijatzen ziren Gamon Zumardian lokal bat beti itxita egoten zela, plaza jendez lepo zegoen bitartean. «Pasatzen ari ziren batean», esan du Arrutik, «geratzea erabaki zuten. Guria tabernan —Errezilgoak ziren— sartu eta esan zieten aspalditik zebiltzala taberna hau traspasatu nahian». Sabin zuen izena taberna hark orduan oraindik, eta Oriotik etorri zen familiak hartu zuen. Gurasoak ez ezik, Patxi semea eta Jone bera ere lanean hasi ziren bertan.
Franco hil eta ondorengo urte haietan askatasun egarri handia zegoen. Orduan nerabe zen Arrutirentzako mundu berri bat zabaldu zitzaion: «Orion zegoen mugimendua kulturala zen gehiago. Hemen, kalea jendez gainezka zegoen, politika mundua indarrean zegoen, eztabaida eta mugimendu handiak zeuden kalean». Beste aldean, polizia ere nahiko
aktibo ibiltzen zen garai hartan, eta Arrutik ongi baino hobeto gogoratzen ditu tabernetara botatzen zituzten pilotakadak. «Pertsiana igo eta jaisten aritu behar ginen, eta atzeko atea ere azkar asko aurkitu zuten, eta zaintzen hasi ziren…».
Horrez gain, Orion antolatuta ez zegoen langile mugimendua zein feminista ere nabarmendu ditu oreretartutako tabernariak.
Tabernako giroa
Testuinguru soziopolitikoa azalduta, barrari eta sukaldeari dagozkionak kontatzen hasi da Arruti. Lehen urte haietan, Arrutitarren amak lan handia egiten zuen sukaldean: «Ez da gaur egun bezala; lehen egunero joan behar zen merkatura erosketak egitera. Guk jaten genuena jatera elkartzen ziren bezeroak». Ondoren, plater konbinatuak eskaintzen hasi ziren, baina ogitartekoetara pasatu ziren, jarduna sinpletze aldera.
Horrez gain, amak egiten erakutsi zien patata tortilla
mitikoa, txanpinoiak, kroketak eta beste egiten hasi ziren. «Horretan jarraitzen dugu, ez dugu aldaketa handirik egin! [kar-kar]», esan du. Urte batzuetara ama «jubilatzen hasi» zen, baita aita ere, baina beti tabernaren bueltan ibiltzen ziren, laguntzen. Edarien salmenta ez zen egungoa bezala. Esaterako, 1977an baxoerdi batek hiru pezeta kostatzen zuen:?«Lan handia egin behar zen etekina ateratzeko».
Madalenak eta beste festak
Madalenetan lan karga izugarria izaten zutela ziurtatu du Arrutik. Uztailaren 21 bat du buruan:?«Txupinazoaren ondoren, xanpain pila bat edaten zen. Behin hamabi botilako 50 kaxa hustu genituen!». Erronka haiei aurre egiteko, Orioko senideak ekartzen zituzten. Horrez gain, askotan kristalezko basoak garbitzera ia ez zirela iristen gogorarazi du. Ontzi-garbigailua eta plastikozko basoak aurrerapen handia izan ziren.
Madalenetan ez ezik, beste egun batzuetan izaten zuten lanik. «Egunero jende pila bat ibiltzen zen: kantari ibiltzen zen jende asko, parranda asko ere egoten zen… Ordubiak arte izaten ziren, eta jendea bota beharra zegoen askotan». Orduan ibiltzen ziren askok kartzelan bukatu zuten, eta giroan asko nabaritzen zela aipatu du.
Hasieran musikarik ez zuten jartzen parrandak girotzeko, bezeroek eurek abesten zuten. Gero diskoak jartzen hasi ziren,
tokadiskos txiki batean, askotan bezeroek eurek eramandakoak.
1990eko hamarkadaren hasieran boom handia egon zela nabarmendu du Arrutik. Horrela, eskualdekoek —baita donostiar askok ere— Errenteria-Oreretan egiten zuten parranda, eta madalenetan Nafarroa eta Ipar Euskal Herritik etortzen zen jendea.
Baina hori bukatu zen: «Gero neurriak direla, zarata dela, kalean jende asko biltzen zela… gauzak arautzen joan ziren». Gaur egun jende gazte asko ez da tabernetan ibiltzen: «Normala da, gure belaunaldiak dena tabernetan egiten zuen. 19-20 urteko ia guztiek lana zeukaten, eta parrandarako bazuten dirua».
Garai zaharrak pasatuta, gauza berri asko ere ezagutu dituzte:?«Lehenengo inauteriak ezagutu genituen, Sagardo Eguna, santomasak, Erromeria Eguna… Lanketa on baten ondoren, jendeak parranda egiteko egun bezala gorde ditu hainbat festa».
Euskaltzaletasuna
Baina Arkaitzaren balio erantsia zerbait baldin bada, bere atmosfera euskaltzalea da hori. Horren harira, Arrutik uste du jendeak berak sortu duela lotura hori. «‘Hau egin dezakegu?’ galdetzen zigun jendeak, eta guk beti baietz erantzuten genien. Ekarpen handia egin dute», esan du.
Bertsozaleen topagune ere bada Arkaitza. Aitarengandik datorkie hori. «[Jose Joakin] Mitxelena oiartzuarrarekin askatu zen bertsotarako», gogorarazi du Arrutik. Horiez gain, AEK-koen, Ereintza elkartekoen eta «orain berriro hazten ari den» mugimendu feministaren gotorleku ere izan da zumardiko taberna. Orain beste herrialdeetatik etorritakoak ere hurbiltzen dira bertara. Eta datozen 40 urteetan etorriko direnak.