Sorosle eta lehen sorospen ikastaroa emango dute. Herritar guztiei zabalik dago, eta ez da beharrezkoa aurretik ezagutza izatea.

Lehen sorospeneko hainbat teknika erakutsiko dituzte.
Herritar guztiei zabaldutako ikastaroak emango ditu DYAk. Zehazki, sorosle eta lehen sorospen ikastaroa eskainiko dituzte, martxoaren 20tik apirilaren 7ra bitartean. Haurtzaro Ikastolan emango dituzte eskola horiek, 19:00etatik 21:00etara.
DYAk jakinarazi duenez, aurretik ezagutzak izatea ez da beharrezkoa, eta eguneroko bizitzan egon daitezkeen arriskuei nola aurre egin erakutsi dute. Hala, bihotz eta birika suspertzea nola egin erakutsiko dute, baita ere zauriak, hausturak edo erredurak artatzeko moduak ere. “Ezagutza oso arruntak dira, baina asko lagun dezakete. Gainera, modu eroso eta atseginean erakusten dira, teoria eta praktika uztartuz”, adierazi du DYAk.
Ikastaro bukaerako frogak gainditzen dituenari sorosle titulua emango diete. Matrikularen kostua 110 eurokoa izango da, eta tokiak mugatuak izango dira, “ikastaroaren kalitatea bermatze aldera”. Izena eman nahi duenak, edo informazio gehiago jaso nahi duenak 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu beharko du.