Bergarako Amodiozko Gutun Lehiaketa irabazi berri du gazte Eider Perez trintxerpetarrak. Gazteei literaturara hurbil daitezela adierazi die, beldurrik gabe.
Eider Perez trintxerpetarra.
Eider Perez pasaitarrak Bergarako Amodiozko Gutun Lehiaketaren 25. ekitaldia irabazi berri du.
Bi arrain lanarengatik eskuratu zuen lehenengo sari hori.
Ezagutzen ez zaituztenentzat, aurkeztu hitz batzuetan Eider Perez pasaitarra.
Trintxerpen jaiotako 21 urteko gaztea naiz eta beti antzerki eta literatura munduan gustura ibilitakoa. Hamasei urterekin, lagun batzuekin batera, Urruzuno Saria irabazi genuen. Irabazi ondoren, literatura gustatzen zitzaien beste lagun batzuekin bidai bat egin genuen. 20 bat gazte elkartu ginen bidai horretan. Hortik abiatuta, zaletu egiten zara eta lehiaketa eta iniziatiba ezberdinetan parte hartzen hasten zara. Ni deskribatzeko imajinazioa eta sorkuntza hitzak erabiliko nituzke, beti idazterakoan bi kontzeptu horiek oso garrantzitsuak baitira.
Noiz eta nola hasi zinen idazten?
Beti izan dut antzerkirako gustu hori, eta beraz, testugintzarako. Betidanik antzerkia ikusten eta egiten ibili naiz. Idazten ez dakit noiz hasi nintzen, baina beti izan dut esku artean eta buruan testugintza. Beti aukerak izaten dira trebetasun hori azaleratzeko literatura jarduera eta sariketetan, beraz, bota beharreko guzti hori botatzeko aukera ikusi nuen. 16 urterekin gutxi gorabehera literaturaren mundu honetan hasi nintzela esango nuke.
Bi arrain gutunak bizi zaren herri eta testuinguruarekin zerikusirik du?
Idatzi nuenetik askok galdetu didate kontu hori, eta erantzuna baiezkoa da, bai. Pasaia da gutunean deskribatzen dudan herria. Beti aurrean dudan paisaiarekin pixka bat jolastu nahi izaten dut, eta zerbait idazten dudanean burura datorkidan irudi hori deskribatzen saiatzen naiz. Pasaiako portua da, kostaldeko ingurua, eta gainera ezagutzen ditudan lekuak deskribatzen ditut. Hau da, gutunean deskribatzen ditudan atzeko kalea, amabirjina, kantina eta leku horiek guztiak benetakoak dira, bai. Ez da fikzioa, ez da nire istorio bat, leku errealak dira. Kostaldekoa izanda, itsasoa egunero aurrean dut eta lotura handia sortzeko aukera ematen dit.
Zer adierazi nahi izan duzu gutunarekin?
Pertsona bat itxarotez nazkatua dagoela kontatzen dut gutunean. Testua pixka bat abstraktua iruditu arren, funtsean, pertsona horrek beste bati badoala esan dio, dagoeneko itxaroteaz nazkatua dagoela eta badoala, baina hala eta guztiz ere maite duela. Idatzian diot: ‘Maite zaitut eta banoa’. Eta horrek pertsonak maite ditzakegula onartzen du, eta arazorik gabe batera jarraitu nahi ez dugula pentsa dezakegula. Azken finean, pertsona bat maitatu arren, harekin ez egotea aukera bat dela esan nahi dut, maitasun horregatik berarekin egon beharrik ez dugula. Ez naiz bikote maitasunera bakarrik mugatu. Orokorrean, beste edozein pertsonarekin izan dezakegun maitasunaz ere ari naiz. Idatzi dudan gutun hau fikzioa da, baina azkenean sentsazio batzuk istorioarekin elkarbanatzen ditudala egia da. Azkenean, idazten duzun hori norberak idazten du eta sentsazio batzuk irudikatu ditut orrian, baina orokorrean fikzioa da. Nahiz eta askotan pasa izan den, oraingoan ez dut lehenengo pertsonan idatzi.
Bizitza errealean amodiozko edo beste gaietako gutunak idazteko ohiturarik duzu?
Gutuna zehazki ez da nire genero kuttunena. Asko idazten ez den genero bat dela iruditzen zait. Amodiozko kontuak ez ditut orokorrean idazten. Iazko lehiaketan ere parte hartu nuen, eta horri aurtengoa gehitzen badiot, maitasunaren inguruko bi lan idatzi ditudala esan dezaket. Batzuetan poemetan sexu kontuak sartu izan ditut, baina bereziki maitasunaren inguruko idatzirik ez. Iazko amodiozko idatzian gizakiaren kaosari buruz idatzi nuen. Ez da gizartean ulertzen dugun maitasun berbera.
Ohitura duzu horrelako lehiaketetan parte hartzeko?
Bai. Idazten hasi nintzenetik lehiaketa askotan parte hartu dut, egia esan. Azkuen, Hondarribikoan, Pasaiakoan… Nire inguruko lagunekin batera hartzen dut parte. Sariketetara baino gehiago jardueretara joaten gara. Errezitaldietara, argitalpen bat dagoenen tokietara…. Beti saiatzen gara literatura mundutik gertu egoten ikusle eta parte hartzaile bezala.
WhatsApp-a bezalako teknologiek gazteengan duten menpekotasuna ikusita, adierazgarria da zuek bezalako gazteak literatura munduan ibiltzea.
Teknologia eta literatura bateragarriak direla uste dut. Gaur egun teknologia asko dugu, baina aldi berean literaturako materiala eskuragarri dago teknologia horiei esker. WhatsApp bezalako teknologiak erabili arren, literaturan murgilduta gaude. Sakelako telefonoa erabilita ere egiten dugu literatura [barrez]. Guk, adibidez, literatura kontuak bata besteari bidaltzeko erabiltzen dugu. Gazteok ere liburu eta pantaila baten artean, eta horrek dituen alde on eta txarrak bereizten badakigula uste dut. Bateragarriak direla esango nuke. Hitzak eta literatura transmititu ditzakeen edozein gauza —sakelakoa, liburu bat…— erabiltzearekin ados nago.
Gaur egungo gazteei zerbait esango zenieke?
Parte hartzera animatu behar ditugula, bai lehiaketetan, baita jardueretan ere, sariketak bakarrik ez direlako egiten. Azkenean, literaturak mundua ikusteko modu bat erakusten digu, ez mila, eta oso interesgarria izan daiteke. Azken aldian egin dudan aldarrikapena honako hau da: literatura gazteen artean babestu, bultzatu eta sustatu. Sariketetan, adibidez, diru laguntzak kendu izan dira eta horrelako kontuekin erne ibili behar dugu. Potentziala eta idazten duen jende gazte asko dago. Idazle horietako askok ez dakite inguruan ere idazle eta irakurle asko dagoela. Horregatik, gazteak literaturara bultzatu behar ditugu, orri eta arkatz batekin istorio on bat kontatzeko ahalmena dugulako.