Hamarkada agertokietatik aldenduta izan eta gero, bakarkako lehen diskoa aurkeztu du Maider Zabalegik, ‘Zuei’. Diskoa egiten gozatu duela eta emaitzarekin harro dagoela esan du oiartzuarrak.
Bakarka hasitako bidean lehen diskoa argitaratu berri du Maider Zabalegik, ‘Zuei’.
Hamarkada bat eman duzu agertokiak alde batera utzita, Bueltatzeko gogoa zenuen?
Ez nuen planteatu ere egiten itzultzea. Are gehiago, nahiko saturatuta amaitu nuela uste dut, eta behar izan dudala hamar urtez guztiz aldentzea. Denari uko egin diot. Musikaren inguruko guztia urrun ikusteko nahia izan dudala uste dut urte horietan.
Eta zer gertatu da hori guztia aldatu eta bakarkako diskoa ateratzea erabakitzeko?
Aitonaren heriotza dago horren atzean. Oso garbi ikusten dut. Duela bi urte pasatxo amona hil zen, eta aitonarekin dolu prozesu bat bizi dugu, minbizia diagnostikatu zioten, eta hiltzen ari zen une horietan berriro hartu nuen gitarra. Hartzen nuen aurretik haurrekin-eta jotzeko, baina une horretan, beste sentsazio batekin hartu nuen. Barrua hustu behar horretan hartu nuen. Konposatu nuen melodia bat, eta kuriosoa izan da, aitona hil zen arte ez nintzen gai izan jotzeko. Hil zen egunean bertan jo nuen kantua etxera itzulita; ordura arte, jotzen hasten nintzen eta negar eta negar egiten hasten nintzen, ezinezkoa nuen. Hil zen egunean, berriz, bake bat sumatu nuen, jo nuen kantua goitik behera, eta hortik aurrera gelditu gabe aritu naiz. Oso sentsazio berezia izan da. Orain arte ez nuen inspirazio horretan sinisten, beti jarri behar izan dut gitarrarekin, eta orain izan da esnatu eta konposatu, melodiak atera, letrak… Berezia izan da.
Gozatu duzu prozesu horretan.
Bai, zalantzarik gabe, asko gozatu dut. Barne hustuketa, terapia bat izan da niretzako, bestalde. Gozatu egin dut, eta gozatzen ari naiz.
Zuei da bakarka egin duzun zure lehen lanaren izena. Zer dago diskoaren atzean?
Hamar kantuz osatua dago diskoa eta pop kutsu handia dauka. Aldi berean kontrastea duten kantak ere badaude diskoan, folk kutsua dutenak. Dobro gitarrak kutsu goxo bat ematen diola uste dut, baita pianoak ere.
Zureak dira letrak eta musika?
Bai. Musika nirea da, baina Dani Venegasek ere egin ditu bi kanta, bat erdibana diskorako. Letrak nireak bezala agertzen dira, baina Jonek [Beloki] parte handia eduki du horietan, pila bat lagundu dit, letra asko bereak eta nireak dira, nahasketa bat da. Elkarlan bat izan da, azkenean, letrak sortzearena.
Alaitzekin [Telletxea] Alaitz eta Maider taldean egindako ibilbidean trikiti doinuak izan zenituzten nagusi, plaza ugari jarri zenituzten dantzan. Poparen alde egitea, erregistro ezberdin batean aritzea, eboluzio bat da?
Hala ari naiz, popa da diskoan dagoena, baina nik uste dut, azkenean, Alaitzekin nengoenean ere niri ateratzen zitzaizkidan kantak oraintxe egin dudan hau zirela. Orduan kanta batzuk nireak ziren, besteak Alaitzenak, eta uztartzen genituenean kutsu hura ematen genion. Uste dut, hala ere, Alaitzekin ateratako diskoetan nik egindako kantak hain justu direla oraintxe jorratzen ari naizena. Bide berean mantendu naizela esango nuke, kontua da, orain bakarka noala.
Bakarkako ibilbideko zure lehen lana da Zuei. Zaila izango da agertokian bakarrik azaltzea, hainbeste urtetan bikote batekin aritu zarenean oholtza gainean?
Egia da arrotza egiten zaidala proiektu hau guztia bakarka eramatea. Ni beti ohituta nengoen Alaitzekin dena konpartitzen, erabaki guztiak elkarrekin hartzen genituen, taula gainean ere bion arteko begirada bat nahikoa zen batak bestea ulertzeko, eta juerga ederrak egiten genituen horren kontura ere. Bakarka noa, baina taldearen aldetik babes handia jasotzen ari naiz, eta segurtasun handiarekin ikusten dut nire burua. Oso lasai nago, bake handia dut barruan.
Diskoaren Hitz debekatuak kanta aurreratu duzue. Irudiak Zumaiako Itzurungo hondartzan eta labar inguruan egin dituzue, besteak beste. Zergatik kokaleku hori?
Barneko eszenak-eta Arantza hotelean egin ditugu, leku zoragarri batean. Paisaia zoragarriak dira, hotz egiten zuen eta eszena batzuk grabatzeko barrualdean egitea erabaki genuen. Eta gero nik buruan beti neukan Zumaia, leku hori izugarri gustatzen zaidalako, baina ez nien proposatu. Halako batean, errealizadoreak esan zidan ‘Maider eszena hauek Zumaian egingo ditugu’ eta izugarria izan zen. Esperientzia oso polita izan zen.
Abestirik bereziena?
Aitonari egindako kanta da oso berezia.
Aitonari izena jarri diot. Oso berezia da ere
Segundo batean abestia. Azken batean, segundo batean bizitza aldatzea zaigula goitik behera kontatzen dut, hankaz gora jarri edo bestaldera ere egin dezake. Ahizpa eta biok haurdun geunden, eta biak batera edukitzeko geunden, joan ginen ekografia egitera eta berea hilda zegoen. Segundo bat izan zen, baina dena aldatu zen. Kanta oso berezia da, asko-asko ukitzen nau, eta ahizpari, koinatuari eta hortik dabiltzan lau izartxo txiki horiei dedikatua da.
Badirudi haur bat eduki baduzu eta heriotza gero gertatu bada, dolua onartua dagoela; abortua edukitzen dugunean, ordea, ez, oso hotza da. Dolu hori egiten lagundu nahi izan diet kantu horrekin, eta nik neuk ere egin nuen.
Nolakoa izan da diskoa egiteko prozesua, gustura aritu zara?
Gozada bat. Azken aldian jartzen dudan adibidea jarriko dut: autopista bat hartzen duzunean eta inongo peajerik gabe zoazenean, zuzen, horrelakoa izan da. Gero eta garbiago dut bizitza honetan, benetan sentitzen duzun horren bidea hartzen baduzu, oso arin joaten dela, erraz egiten dela bidea. Oso gustura nago.
Lehen kontzertua etxean, Oiartzunen egingo duzu.
Bai, hala izan behar zuen. Azkenean, Alaitzekin azken kontzertua ere Oiartzunen eman nuen, eta egia da kiroldegian egin genuela eta ez nuela nahi halako leku bat, oso hotza egiten zait. Josune Cousillas Kultura zinegotziak proposatu zidanean udaletxean, areto nagusian egitea, zoragarria iruditu zitzaidan. Agertoki goxoa da niretzako, eta jakin badakit nahi dudan jende horretaz inguratua egongo naizela bertan, azkenean
Zuei da nire lanaren izena.
Hilaren 18an, larunbatarekin, 20:00etan udal areto nagusian. Sarrerak saltzen ari dira jada, eta 180 lagunentzat egongo da lekua.
Zergatik Zuei izena ?
Izena pentsatzen hasi nintzenean, diskoetxekoak [Elkarrekin argitaratu du diskoa] esan zidaten eskertzen atalean jartzeko nahi nituen izenak. Hasi nintzen eskertzak jartzen, eta ohartu nintzen bizitza honetan horrenbeste jende dudala eskertzeko, hemen dagoen jendea, eta hil den jende asko ere, ezinezkoa nuela. Azkenean, naizena beraiengatik naizela ohartu nintzen. Era berean, bizitzaren gauza asko eskertzen ditut. Nik zuhaitz bati eskertzen diot, maindireei eskertzen diet gauero ematen didaten goxotasuna… Guzti horri bueltaka hasi eta Zuei izan behar zuela erabaki nuen. Hor barruan denak gaude.
Beste musikari askorekin batera, Alaitz eta Maider taldearen erdia izandako Alaitz Telletxeak hartu du parte zure diskoan. Nolakoa izan da esperientzia?
Niretzat izugarria izan da. Hasi zen trikitia grabatzen eta estudioaren beste aldean negar egiten hasi nintzen. Negar, emozio politarekin, Alaitz berriz ere hor ikustearekin. Soinua hartzen duenean hain neska berezia da eta hain soinu berezia egiten du; transmititzen duena izugarria da. Gozada bat izan da Alaitzek nire diskoan parte hartzea, dudarik gabe.
Parte hartu duten beste guztiak bezala.
Bai, baina Alaitz berezia da, grabatu duten guztien artetik bereziena.
Hamar urte hauetan zertan aritu zara?
Bizitzen, disfrutatzen. Haurrekin bolkatuta izan naiz denbora honetan. Haurrekin erabat. Azken batean nire haurtzaroan aita, zoritxarrez, urrun eduki nuen, eta nik uste dut gabezia hori bete nahi izan dudala tarte guzti honetan. Disfrutatzen aritu naiz, aiton-amonetaz, familiarekin, bidaiatzen, asteburuak familian pasatzen. Lehen musikan aritu nintzenean egin ezin izan nuena orain egin dut hamar urte hauetan.
Musikari begira zein asmo dituzu etorkizunean?
Nik uste dut hori dela ikasi dudan beste gauza bat, eta da etorkizuna alde batera utzi eta momentuan momentukoa bizi behar dela. Gero izango da izan behar duena, izan behar badu. Orain honetan nago, eta honetara, disfrutatzen, topera.
Jendetza jarri zenuten dantzan Alaitz eta Maider taldearekin. Disko honetan bildutako abestiekin izango du dantzatzeko aukera jendeak?
Bai, dantzatzeko aukera izango dute, baina beste musika bat da, ez du zer ikusirik orduan jartzen genuen giroarekin, jendea saltoka eta. Zuei diskoko abestiak lasaiagoak dira, apalagoak, baina dantza egiteko kantak badaude, beste modu batean dantzatzekoak, bals batzuk, lentak daude, goxoak… Horiek ere badute beren xarma segun eta zeinekin eta nola dantzatu.
Gustura sentitzen zara prestatu duzun horrekin?
Bai, oso gustura. Pozik nago lortutakoarekin.
Zer espero duzu orain diskoarekin?
Nik uste dut espero nuena bete dela diskoa grabatuta. Azkenean nik espero nuena zen grabatu ahal izatea, orain ditudan sentsazioak izatea eta hauekin gelditzea. Harro egin dudan diskoarekin, pozik inguratu naizen jendearekin, eta espero nik disfrutatu dudan bezain beste disfrutatzea orain jendeak kanta hauek entzuten. Horrekin beteta izango da helburua niretzako, edo espero nuena.
Lehen kontzertua Oiartzunen emango duzula esan duzu, besterik lotuta dago?
Oiartzungoa dago lotuta, eta horrekin batera, 24an Bilbon akustiko txiki bat egingo dugu. Momentuz horiek baino ezin ditut aurreratu.
Beira, John Berkhout, Autobus Magikoa… musika taldeak badira Oiartzunen, estilo ezberdinekoak. Zein da musikaren egoera zure iritziz?
Duela hamar urte atzera egin eta gaur egun begiratuta aberastasun izugarria dagoela iruditzen zait. Talde pila bat gaude, musika ezberdin pila egiten da bertan, eta egoera polita dela iruditzen zait.