Panelak "herriko paretak txukun eta garbi mantentzeko" jarri ditu udalak. Herri osoan daude banatuta, eta tarteka garbiketa egingo du udalak, kartel berriei tartea uzteko.

Udalak jarri dituen paneletako bat.
Lezoko Udalak, herriaren luze zabalean, hemezortzi informazio panel ezarri ditu herritarrek, taldeek, eragileek eta udalak berak zabaldu nahi dituzten informazioak bertan jar ditzaten. Udalaren arabera, orain arte, “modu nahasian” zeuden jarrita herrian kartelak, eta horiek toki egokia izan dezaten jarri dituzte panel horiek, “herriko paretak txukun eta garbi mantentzeko”.
Udalak adierazi du panel horietatik kanpo jarrita dauden kartel eta informazio euskarriak kenduko dituela kaleetatik. Hartara, panel gehiago behar balira, horiek ezartzeko prest dagoela adierazi du udal erakundeak. Aldi berean, jarrita dauden panelak tarteka garbituko dira, iragarki berriei lekua egiteko.