Zuhaitz Eguna antolatu dute datorren larunbaterako. Aurten Gurutze auzoko Andalarregin jarriko dituzte zuhaitzak, Haurtzaroko parkingetik abiatuta.
Andalarregi eremuan izango da aurtengo zuhaitz landaketa.
Natura zainduz ongi pasatzeko aukera egongo da datorren larunbatean Oiartzunen. Izan ere, udaleko Ingurumen Sailak Zuhaitz Eguna antolatu du hilaren 18rako. Urtetik urtera tokia aldatzen joaten da, eta aurten Zuhaitz Eguna Gurutze auzoan egingo dute. Zehazki, Andalarregi eremuan (Pikogaraten, Irunekin mugan) landatuko dituzte bertako haritzak.
Haurrentzako bereziki prestatuta dago Zuhaitz eguna. Bertara joateko zita Haurtzaro Ikastolako aparkalekuan jarri dute. Gurutzeraino oinez joan nahi dutenek 09:00etan agertu beharko dute, eta autobusez hurbildu nahi dutenek, berriz, 10:00etan. Autobusez joan nahi duenak ez du ezer ordainduko, baina aldez aurretik izena eman beharko dute interesatuek, haurren ikastetxean.
Bertako haritzak landatu ondoren, indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa jateko aukera izango dute, udalak eskainita.