Lau egun baino ez dira falta herri galdeketarako, eta Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago Iniziatibak antolatu duen egitarauaren berri eman du.
M19ari begira egitarau zabala prestatu du Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago Iniziatibak.
Igandean, martxoak 19, egingo dituzte Demoarsoren herri galdeketak Oarsoaldeko lau udalerrietan. Lau egun baino ez dira falta herritarrek hautetsontziekin duten hitzordu hori heltzeko, eta Errenteria-Oreretako Gure Esku Dago Iniziatibak antolatu duen egitarauaren berri eman du. Zumardian kokatutako Lau Haizetara karpan izango dira ekitaldiak. Gaur bertan lau dantzen entsegua egingo dute (igandean Porrotxekin dantzatzeko) 18:00etan hasita, eta ordubete beranduago Artur Mas eta Ibarretxek Kursaalen emandako hitzaldia hartuko du karpak.
Biharko, lau dantzen entsegua, herriko bideo ezberdinen emanaldia eta bertso saio musikatua antolatu dituzte 18:00etatik aurrera. Ostiralean, berriz, kultur emanaldia egingo dute 19:00etan eta 23:00etatik aurrera DJ Bittorrek jarriko du giroa.
Nazioarteko begiraleen hitzaldia izango da larunbatean, galdeketaren bezperan Ernest Maragall eta Xabier Oleagarekin 19:30etatik aurrera. Igandean berriz, herritarrak eta hautetsontziak izango dira protagonistak bainagiroa ez da faltako. Zubietako talogileak eta joaldunak, Amulleta Danborraren kofradia, Alkarkide Txaranga, Ereintza Dantza Taldea, elektro txaranga, txistulariak eta trikitilariak herriko kaleetan barrena ibiliko dira egunean zehar. Arratsaldean, 17:00etan hasita, Modestok dantzatzeko aukera eskainiko die karpara hurbiltzen direnei. 18:30etan Porrotxek hartuko du oholtza, eta hogei afarien zozketa egingo dute ondoren.