Gaurko herri galdeketa auzo guztietara iritsi da. 14 hauteslekuetan boto emaileen emaria nabarmena izaten ari da, batez ere eguerditik aurrera.
Oreretar bat, erdialdeko hauteslekuan bozka ematen
Beraundik Gabierrotara; Fanderiatik Kaputxinoetara. Errenteria-Oreretan herri galdeketa auzo guztietara iritsi da, orotara, 14 hautesleku daudelako herriko txoko guztietan zehar banatuta. Bozkalekuetako giroa lasaia da, alaia eta aldi berean atsegina. Ez da aipatzeko moduko gertakaririk izan egun osoan zehar. Gamon Zumardian, esaterako, giro berezia dago, bertan dagoelako jarrita galdeketaren gune nagusia, eta ondoan, bigarren eskuko gaien azoka dagoelako. Parte hartze datua, 12:30ean, %4,92koa da.
Musikariak, buruhandiak, erraldoiak, joaldunak, talogileak, dantzariak… ‘Bai’ edo ‘ez’ erantzun beharreko bozken alboan kultur giroa oso nabaria izan da egunean zehar, eta eguerdian batik bat, boto emaileen emaria handia izan da. 33.649 errenteriarrek dute gaur Demoarsoren herri galdeketan botoa emateko eskubidea.
Errenteria-Oreretan antzera, eskualdeko beste herrietan ere giroa lasaia eta atsegina da, ez dago gertakari aipagarririk. 09:00etan zabaldu dituzte lau herrietako 27 bozkalekuak, eta 20:00ak arte egongo dira zabalik.