Otsailean hamasei urte bete eta, opari, erabakitzeko aukera
Pasaitarrek bazuten erabakitzeko gogoa eta hala erakusten ari dira. Goizeko 09:00etan hauteslekuak zabaldu dituztenez geroztik ari da jendea gerturatzen botoa ematera, “tantaka, bana etenik gabe”, Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan goizean aritu diren boluntarioen esanetan.
Sentsazioa antzekoa zen goizean Pasaiako lau barrutietako hauteslekuetan, “bazebilela jendea”. Baikor mintzatu dira antolatzaileak.
Festa bat, arduraz antolatuta
Partaidetza datuak baieztatuko dutenaren zain, “herritarren ilusioa” nabarmendu dute antolatzaileek. Jende asko eta asko mugitu du gaurko kontsultak, eta ez soilik botoa emateko. Herri kontsultaren antolakuntzak lan handia ekarri du, eta hamaika zereginetan zintzo eta arduraz inplikatu dira herritarrak.
Horixe nabarmendu du, esaterako, San Pedroko arduradun Joserra Fachadok: “Festa bat izan da, baina era berean, oso arduratsua”. Fachadoren arabera, “jendea oso gogotsu” agertu da: “Igartzen zen bazegoela gogoa”.
Antxon ere antzera hitz egin du Irantzu Urtizbereak: “Jendeak parte hartzeko gogoa eduki du, lanerako gogoa. Askotariko jendea agertu da lanerako prest”.
Donibanen eguna “oso jendetsua” doala iritzi dio barrutiko arduradun Miren Etxenikek, eta sanjuandarrak ere jendea “animatuta eta pozik” ikusten duela nabarmendu du.
Trintxerpen, azkenik, partaidetzaren ikuspegitik gauzak “uste baino hobeto” joan direla adierazi du Hegoi Perezek. “Apostua handia izan da, baina eguraldia lagun, ezin hobeto ateratzen ari da dena. Ia balio duen gure hitza entzun dadin”.