Pasaia kalera atera da gaur. Galdeketa aitzaki, udalerriko lau barrutietan ez ahazteko moduko giroa sortu da goizean zehar.
Lau barruti, hautesleku asko, eta hautetsontzi gehiago. Galdeketa eguna herrian. Pasaian bizi-bizi ematen ari dira botoa lau barrutietan. Antxon, Donibanen, San Pedron eta Trintxerpen 12.027 herritar daude botoa ematera deituta herrian, ‘bai’ edo ‘ez’ esatera. Eta erantzuna tamainakoa ari da izaten. Parte hartze datua, 12:30ean, %7,26koa da.
Ez da gertakaririk izan lau barrutietako hauteslekuetan. Ohiko batzuk bai, dokumentuekin harremana zutenak gehienak. Baina bestelakoan, arazorik ez. Goizean lasai, eta eguerdian bor-bor. Izan ere, ez da bakarrik botoa emateko eguna gaurkoa, kalean ere galdeketaren aitzakiarekin sortu den giroa gogoratzekoa baita.
Pasaian antzera, eskualdeko beste herrietan ere giroa lasaia eta atsegina da, ez dago gertakari aipagarririk. 09:00etan zabaldu dituzte lau herrietako 27 bozkalekuak, eta 20:00ak arte egongo dira zabalik.
Bertsolariak Donibanen. Pasaia kalera atera da M19rako