Errota ondoan loratzen ari da
Labore kooperatibak bihar zabalduko du denda Oiartzungo Ihurritan; elikaduraren esparruan erreferentea izateko bokazioarekin sortua, orain artean asmoa zena, gauzatzen hasi da
Udaberriarekin batera loratzen hasi da ametsa, errota zaharraren ondoan, Ihurrita bidean, Oiartzungo Ugaldetxo auzoan. Han, futbol zelaiaren ondoan zabalduko du bihar Labore Kontsumo Kooperatibak bere lehen denda, orain arte asmoa izan dena ukigarri eta ikusgarri bihurtuz.
2015. urteko urrian hasi ziren Labore sortzeko lanean eskualdeko hainbat lagun, eta lantaldeak sortu zituzten berehala herri guztietan, elikaduraren esparruan erreferente izan nahi zuen proiektua bultzatzeko asmoz. Gakoak, bertakoa, ekologikoa, eta bidezko prezioa.
Proiektuari bultzaka, Jon Legorburu lezoarra aritu da hastapenetatik. Azaldu duenez, Laborek bihar zabalduko duen dendan, «eguneroko produktuek izango dute lehentasuna. Barazkiak, fruta, ogia…».
Hala ere, produktu sorta askoz ere zabalagoa izango dute aukeran. Gosarietarako behar dena salduko dute, marmeladak, esnekiak… Horrez gain, pasta, arroza, lekaleak, infusioak, gatza… baita haragia eta kontserbak ere.
Edariak ere salduko dituzte. Zukuak, ardo ekologikoa, garagardo artisauak… askotarikoa da produktuen eskaintza. Eta den-dena, hala ere, ez da jatekoa izango. Xaboi ekologikoak, ukenduak, maskarillak, desodoranteak… horiek guztiak ere salduko dituzte Laboreren dendan.
Beste eredu bat bultzatu
Laborek ekologikoa salduko du, baina lehentasuna bertakoari emango dio: «Bezeroek gure dendan aurkituko dute produktu freskoa eta bestelako produktu mota bat, bai ekologikoan eta ez ekologikoan».
Eta ez kasualitatez. Legorburuk azaldu duenez, «hemen ekologiko eskaintza handirik ez dago», baina batez ere, «Laborek lehen sektorearentzat pizgarri izan nahi duelako» emango diote lehentasuna bertakoari. Bertako ekonomia sustatzea oso garrantzitsua da Laboren bildu diren bazkideentzat.
Laborek salduko duen pasta adibidetzat jarri du Legorburuk, pasta ekologikoa, Iruñean ekoitzia. «Landarera (Iruñeko kooperatiba) garai batean Italiatik ekartzen zuten pasta, eta asko saltzen zutela ikusita, bertako kuadrilla batek pabiloi bat muntatu du eta pasta bertan egiten dute orain».
Laborek eragin berbera lortu nahiko luke Oarsoaldean. Horixe du helburu. «Hemen, Oarsoaldean, ezin dugu zerbait berdintsua lortu? Hau da, kooperatiba txikitxoak sortu, beste material mota batekin, eta jendeari eman aukera horrelako lantegitxoak egiteko? Gure helburua hau da. Laborek izan behar du horretarako, lehenengo sektorea bultzatzeko, eta lehenengo sektorean ari direnak animatzeko».
Bihar, 11:30ean zabalduko dute denda, Ugaldetxon, Ihurritako bidean Bertako ekoizleak protagonista, bezeroekin harreman zuzena sustatuko daLaboreren dendan, oraingoz, eskualdeko hamalau ekoizle inguruk salduko dituzte bere produktuak. Legorburuk jakinarazi duenez, lehengo astean bildu dira denekin eta egitasmoari harrera ona egin diotela kontatu du. Bide beretik, Errigoraren produktuei tarte egingo dietela iragarri du. Kooperatibaren dendan egin zuten aurtengo kanpainaren aurkezpena, lokala oraindik zabaldu gabe zela, eta enkarguak han jaso beharko dituzte aurten Errigoraren produktu sortak enkargatu dituztenek. Legorburuk jakinarazi duenez, dendan toki finkoa izango dute aurrerantzean Errigoraren produktu guztiek, eta horrenbestez, urteko edozein sasoian izango dira eskuragarri, bertatik bertara. Bazkideak, zutabea Bazkideek sostengatutako kooperatiba da Labore, bazkideentzat egindako proiektua, eta bazkideek eraikia, auzolanean. Lokala bilatu, konpondu, atondu… den-dena bazkideek egin dute, eta erabaki guztiak batzarrean hartu dituzte. Oraingoz, eskualdean, 250 familia elkartu dira, baina handitzen jarraitzeko asmoa dute, eta denda zabalduta jendea animatuko dela uste dute: «Jende asko dago proiektua zertan gauzatzen den ikusteko zain. Egia ote den esaten genuen hori …». Horiek denek, bihartik aurrera izango dute aukera. Denda, hala ere, edozeinentzat izango da zabalik, bazkide izan zein ez izan. Hori bai, helburua bazkideak lortzea da, eta horregatik, Laborezain egin nahi duenak, dendan bertan izango du aukera, edota, orain arte bezala, Internet bidez, Laboreren webgunean, urteko kuota 50 euroan ordainduta. Dirurik ez Erosketak egitera joaterakoan kontuan hartzekoa, Laboreren dendan ez dutela dirurik onartuko. «Denda honek ez du dirurik edukiko. Denda honetan kontu korrontetik pasatuko dizute hamabost egunera erosten duzuna, edota, datafonoarekin edo txartelarekin ordainduko da, baina dirua metalikoan, printzipioz, ez dugu nahi», dio Legorburuk. Langile bat du jada Laborek, baina langile bakarrarekin ezingo dituztenez dendaren txanda guztiak osatu, oraingoz, boluntarioekin lan egiteko asmoa dute, eta egunerokotasunean, dirua arazo bezala ikusten dute. «Beste eredu batez ari garenean hizketan, hori ere bada. Beraz, dirurik ez». Laboreren asmoa, edonola ere, ez da betirako boluntarioekin lan egitea. Denda zabalduta, hazi egin nahi dute, eta hazten diren heinean, lana sortu, hemen, eskualdean. Denda baino gehiago Denda ez da produktuak saltzera mugatuko. Tailerrak, hitzaldiak, edo ekoizleekin azokak egin nahi dituzte, «elikaduraren gaineko guztiak izango du tokia gure dendan, kulturarekin uztartuta». Ekoizle eta bezeroen arteko harreman zuzena sustatu nahi dute, denda topagune bihurtu. «Ez genuen nahi apalez betetako supermerkatu bat. Dendak haur txokoa du, kafea eta teak ematen dituen makina… Bazkidea bere etxean sentitzea nahi dugu».




