Gaur hileta elizkizuna egingo diote Errenteria-Oreretako Jasokundeko Andra Mariaren elizan 19:00etan.
Ion Arretxe.
Joan zen larunbatean zendu zen Ion Arretxe errenteriarra (1964-2017). Arte zuzendaria, aktorea, eta
La sombra del nogal liburuaren egilea, 1985eko azaroan atxilotu zuten Mikel Zabalzarekin batera. Intxaurrondon torturatu egin zuten errenteriarra eta kargurik gabe aske utzi ondoren. Handik hamabost urtera idatzi zuen Intxaurrondoren gaineko liburua.
Joan den igandean erraustu zuten Arretxe Madrilen. Gaur, berriz, hileta elizkizuna egingo diote Errenteria-Oreretako Jasokundeko Andra Mariaren elizan, 19:00etan. Familiari elkartasuna eta berotasuna adieraztera deitu dituzte herritarrak, eta hileta aurretik zein ondoren Herriko Plazara bertaratzeko eskatu diete hala nahi duten guztiei. Bertan, gainera, mahaia jarriko dute nahi duen orok, hitz batzuk idatzi, marrazkia egin… eta familiari helarazteko.
Arretxeren lagunek, bestalde, omenaldia prestatu nahi dute. Horren harira, datorren asteazkenean (hilak 29) 18:30ean Reina aretoan bilduko dira omenaldiaren gainekoak zehazteko. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte.