Ekarteetako kideak eta udal ordezkariak gaurko agerraldian.
Jardunaldi Aktibo eta Kolektiboa egingo dute larunbatean Iztieta-Ondartxon 10:00etatik 15:00etara. Horren barruan, egitarau zabala antolatu dute auzoko eragileek, merkatariek, ostalariek eta Errenteriako Udalak elkarlanean Plan Estrategikoaren gizartea eraldatzeko proiektuaren barruan. Gaur aurkeztu dute jardunaldia Iztieta pasealekuan Nagore Basurto Zinegotziak, Samira Goddy aniztasun teknikariak, eta Bidexka emakumeen elkarteko, Gurekin Auzo Elkarteko emakume taldeko, Caritaseko, Gurutze Gorriko, Iztietako Parrokiako, Meson Extremeñoko eta Merkado Estacionaleko kideek. Horiekin batera parte hartuko dute jaian, Albir elkarteak, Furius Jaitokik; eliza ebanjelikoak, Islamiar Kulturaren Zentroak eta auzoko ostalariek.
Besteak beste, artisau azoka, altzari urbanoak egiteko tailerra, puntu-lan tailerra, musika, haurrentzako puzgarria, lorezaintza, zein auzoko elkarteen informazioa izango dira. Eskaintza hori guztia, Diputazio plazan, Donostia eta Hondarribia kalean eta Iztietako pasealekuan kokatuko dute. Ibilbide gidatu osasungarria ere antolatu dute, 12:00etan abiatuko dira Iztietako zubitik. Zubi horretan bertan,
Iztieta eleanitz argazki erakusketa zintzilikatuko dute.
Iztieta-Ondartxo parte hartze prozesu komunitarioa abiatu zuen udalak 2015ean espazio publikoari, auzoaren irudiari, merkataritzaren suspertzeari, elkarbizitza hobetzeko erronkari eta pertsonen premiei erantzuteko asmoz. Larunbatean Iztieta-Ondartxon egingo duten festaren barruan eraldaketa urbanoak eginez eta pate hartzearen bidez lanean jarraitzen dutela adierazi nahi dutela esan dute agerraldian bildutako elkarteetako kideek eta udal ordezkariek, “bereziki, auzotarrekin lan dinamika kolektibo hori mantendu eta berriak pizteari ekin nahi diogu”.