Badia antzerki eskolako gaztetxoek beren azken lana aurkeztuko diete herriko haurrei.
Maialen, Onintza, Maddi, Izaro, Nora, Nerea, Mikel eta Aimar, ikuskaria landu duten ikasleak.
Gaur, 18:00etan, Donibanen. Badia antzerki eskolako zortzi ikaslek estreinaldia dute, liburutegian. Publikoan 5-8 urte bitarteko haurrak izango dituzte zain, kontatuko dizkieten ipuinak entzuteko irrikaz.
Ikasleek gaur aurkeztuko duten lanak lau ipuin biltzen ditu. Badia Antzeri Eskolan landu dute, ikasturtean zehar, eta orain barrutiz barruti aurkeztuko dute, Kontakatiluak proiektuaren barruan.
Antzezle ariko diren zortzi ikasleek ipuin kontalari profesional baten eskutik oinarrizko formazioa jaso dute zenbait astez, eta ondoren sortu dute gaur lehenbizikoz aurkeztuko duten ikuskaria. Prozesua osoa beraiek gidatu dute: ipuinak aukeratu, ulertu, aztertu, ikasi eta kontatzeko bidea landu eta biribildu.
Haurrak liburutegietara gerturatzeko asmoz
Kontakatiluak egitasmoa, Badia eskola eta herriko liburutegien arteko elkarlanaren emaitza da. Proiektua orain dela bi urte sortu zuten, haurrak liburutegietara gerturatzeko helburuz.
Horretarako bitartekoak, sormena ez ezik, transmisioa dute, haurren artekoa. “Tresna ezin baliozkoagoa iruditzen zaigu irakurzaletasuna eta liburuen mundu magikoa haurren egunerokoan txertatzeko”, adierazi dute Badia eskolako arduradunek.
Badia Eskolan, sormena, arte eszenikoak, kultura eta euskararen erabilera sustatzen dute, Pasaiako beste kultur eragileekin elkarlanean.
Hurrengo emanaldiak:
- Apirilak 5 (asteazkena). 18:00etan, Trintxerpeko liburutegian.
- Apirilak 25 (asteartea), 18:00etan, San Pedroko liburutegian.
- Maiatzak 2. 18:00etan, Antxoko liburutegian.