Munttarpe Eskubaloi Klubaren gizonen taldea, azken hasperenean, ez da mailaz igo. Baina klubaren arduradunek harago daramate begirada, etorkizunerantz.
Munttarperen gizonen taldea, sasoi hasierako argazkian.
Lezoko Munttarpe Eskubaloi Klubaren asmoa eskubaloia Lezon errotzea da. Garai batean izan zuen ospea berreskuratzea. Aurtengo sasoian, bigarrenez aritu dira Munttarperen gizonen eta emakumeen taldeak lehian. Gizonen taldeak Gipuzkoako Bigarren Mailako Liga bukatu berri du: igo nahi zuten, baina ez zuten lortu. Pena, baina taldearen arduradunek ez dute obsesioa mailaz igotzearekin. Emakumeen taldeak oraindik ez du liga bukatu; aurrerago egingo du HITZAk emakumeen taldearen sasoiaren analisia.
Egoitz Goikoetxea taldearen presidente eta jokalariak onartu du mailaz igo bai, baina euren zeregina harago doala, bai gizonen taldean zein emakumeenean. “Lortzen ari gara eskubaloiak Lezon tokia izatea. Talde berria gara, bigarren urtea dugu, eta gure asmoa da uste luzez iraungo duen egitasmo bat sendotzea”. Herrian eskubaloi giroa berreskuratzen ari dira, nabarmen. Horren erakusle da ligako azken jardunaldian Bekoerrota kiroldegian izan zen giroa. Giro berdea, Munttarperen kamisetena.
Gozotik asko du, beraz, Munttarperen ibilbide laburrak. Gazitik ere. Izan ere, martxoaren 18an etxean jokatu zuen ligako azken partida 24-26 galdu zuten Zarauzko Aritzbatalderen kontra. Emaitza horregatik, zarauztarrek bigarren postua kendu zieten lezoarrei, eta Gipuzkoako Lehen Mailara igotzeko aukera
lapurtu; Oñatiko Aloña Mendi izango da mailaz igoko den bigarren taldea (azken aurreko jardunaldian oñatiarren etxean irabazi zuten berdeek, 24-29). Hau da, sasoi oso-oso txukuna egin ondoren, iaz azken hasperenean kirol emaitza nagusienak ihes egin zien. 2015-2016an ere azkenera arte borrokan egin ziren berdeak.
Baina kirol emaitzetatik bakarrik ez da biziko Munttarpe. Eskubaloi taldea biziko da jokalariak eta kolaboratzaileak baditu, hau da, Lezon errotuta badago, afizioak jarraitzen badu, eskubaloi sentimendua badago. Eta azken hori lortzen ari dira, modu askora. Adibidez, haurren artean eskubaloi zaletasuna bultzatzeko jardunaldiak egiten dituzte opor garaian, Gabonetan edo udan esaterako. Neskak eta mutilak kantxan jartzen dituzte kirola ezagutu, eta zaletasuna sustatzeko. Hori da garrantzitsuena gaur egun Munttarpeko kideentzat: luze iraungo duen kirol proiektuari oinarriak jartzea.
Kopan
Hurrengo hilabetearen bukaera aldera, Gipuzkoako Kopan hasiko da Munttarperen gizonen taldea. Bertan, Gipuzkoako Lehen Mailako taldeekin buruz buru ariko da. Hau da, igoera lortuz gero, hurrengo sasoian aurrean izango lituzkeen taldeen kontra. Horrek taldearen neurria zein izango litzatekeen jakiteko balioko duela zehaztu du Goikoetxeak.
Baina garbi du, herrialdeko lehen mailan aritzeak taldearen etorkizuna ezin zuela hipotekatu, hau da, zalantzak agertu ditu, talde gaztea eta sortu berria izanik, behar adinako maila emango ote lukeen Munttarpek bertan, formazio eta indartze prozesuen kaltetan. Eta hori esateko, adibide bat jarri du: “Iaz Gipuzkoako Bigarren Mailatik, gu ginen mailatik alegia, lehenengora, Ormaiztegi eta Salleko taldeak igo ziren. Handik jaitsi egingo dira”.
Eskubaloi giroa berreskuratu, formazioan eragin, taldea indartzen jarraitu, herriarekin estuago lotu. Horiek Munttarperen identitate zeinuak. Ez dira mailaz igo, baina beste guztia lortzen ari dira. Asko da.