Partida hasi aurretik , jokalariek bidea irekiko diete arbitroei, egiten duten lana aitortu, babesa adierazi eta omentzeko.
Ostiko, Gamon KE eta Ereintza kirol taldeetako ordezkariak kirol teknikaria eta zinegotziarekin.
“Kirola balio eskola da eta elkarbizitzarako tresna”. Hala mintzatu da Jon Txasko Kirol zinegotzia gaur goizean talde federatuetako hainbat kidek lagunduta egin duen agerraldian. Azken egunetan komunikabideen bidez futbol zelaietan gertatutako “ekintza biolentoen” berri izan ondoren, arbitroen lanaren garrantzia eta kirolaren funtzionamenduan jokatzen duten paperari aitortza egin nahi izan diote, eta horren harira iniziatiba abiatu dute. Asteburuan Errenteria-Oreretan jokatzen diren kategoria guztietako partidetan, baita Eskola Kirolan ere, irudi bera errepikatuko da. Partida hasi aurretik , jokalariek bidea irekiko diete arbitroei, egiten duten lana aitortu, babesa adierazi eta omentzeko. Udalerritik kanpo, Gipuzkoako zelaietan jokatzen duten Errenteria-Oreretako taldeek ere egingo dute.
Keinu sinbolikoa izango dela gaineratu du Txaskok, baina zelaietan “normalizatuta” dagoen jarrera baztertu eta bizikidetza sustatzea duela helburu. Horren harira, herritar guztiak deitu ditu bat egitera: “Harmailetan errespetuzko jarrera izatera deitu nahi ditugu herritarrak, bai arbitroarekin, bai jokalariekin, zein beste zaletuekin ere. Arbitroa laguntzeko dagoela ikasi behar dute jokalariek txikitatik, eta bera gabe ez dagoela partidarik joaktzerik”.
Iniziatibarekin bat egin dute Touring, Beti Ona, Orereta Kafea, Ereintza Eskubaloia, Oiarso Saskibaloi Kirol Taldea, Gamon Saskibaloia, eta Areto Futboleko Ostiko eta Gamon taldeek.
Eskola Kirola programaren barruko partida guztietan protokolo berria mantenduko dutela gaineratu du Txaskok.