Datorren astean izango dira kontzertuak, astelehenetik ostiralera, Trintxerpeko alkateordetzan; askotariko estiloak programatu dituzte, Musikenek erakusten duenaren erakusgarri.
Gorka Miranda, Miriam Cano, Mari Jose Cano eta Juanje Neira, Andonaegi jauregian, Kamara Musika Astearen aurkezpenean.
2012. urtean hasi ziren Pasaia Musikal, Illunbe Musika Elkartea eta Musikene elkarlanean, eta ordutik, urtero-urtero, Kamera Musika Astea antolatzen dute Trintxerpen. Aurtengoa seigarrena.
Astearen helburu nagusiak bi dira: Musikeneko ikasleei beren formaziorako funtsezkoa den aukera eskaintzea – zuzeneko kontzertuetan jotzea- eta bide batez, Pasaiako musika ikasleentzako estimulazioa, «noraino iritsi daitezkeen erakustea», Pasaia Musikal eskolako zuzendari Gorka Mirandaren hitzetan.
Gaur eguerdian aurkeztu dute Kamara Musika Astearen egitaraua, Andonaegiko jauregian. Gorka Miranda ez ezik, han izan dira Musikeneko kanpo harremanetarako zuzendari orde Mari Jose Cano, Illunbe Musika Elkarteko Juanje Neira, eta kultura zinegotzi Miriam Cano.
Mari Jose Canok nabarmendu duenez, Musikeneko ikasleek 100 kontzertutik gora eskaintzen dituzte urtero, tartean Pasaiakoak. Euskal Herriko gai mailako musika ikastegia da Musikene, “bakarra” Canok nabarmendu duenez, eta bertan ari diren ikasleek gai mailako musika formazio jasotzen ari dira, “unibertsitate ikasketen parekoa”.
Mirandak, bere aldetik, gonbidapena luzatu die herritarrei «programazioa transbertsala, irekia, eta era berean oso-oso erakargarria» dela goraipatuz. Eta kontzertuen formatua haurrekin joan ahal izateko oso aproposa dela ohartarazi du, aretoa txikia izanik, txikiek musikariak oso gertu izango dituztelako. Haurrak musikara gerturatzeko aukera paregabea dela iritzi dio musika eskolako zuzendariak.
Antxon, musika astearen jarraipena
Trintxerpeko Kamara Musika Astea hasi aurretik, baina,
Antxoko Musika Asteak bukatu behar du. Hiru kontzertu izango dira asteburuan: Náyade Abesbatzak kantatuko du elizan larunbatean (hilak 1), 20:30ean, eta igandean (hilak 2) beste bi kontzertu izango dira, lehena eguerdian, Gure Zumardian, Illunbe Musika Bandak eskainia (13:00etan) eta bigarrena, elizan, Alos Quarteten eskutik (19:30ean).
Kontzertu guztietarako sarrerak, Trintxerpekoak nahiz Antxokoak, doan dira, eta denak publiko guztietara zabalik.
Trintxerpeko egitaraua
- Astelehena. Saxo Taldea.
- Asteartea. Jazz.
- Asteazkena. Belebend hari laukotea eta pianoa.
- Osteguna. Brassy Brass metal boskotea.
- Ostirala. Affetti hirukotea (pianoa, biolina eta txeloa).
Oharra: Kontzertu guztiak, egunero, 19:45ean dira, alkateordetzan.