Korrikaren harira, Xenpelar AEK eta Lau Haizetarak bihartik apirilaren 8ra iraungo duen Aste BatZuk iniziatiba prestatu dute, euskararen kaleko erabilerari bultzada emateko
Bihar hasiko da Aste BatZUK iniziatiba. Apirilaren 8an bukatuko da.
Herri bat, aste bat eta euskara. Hiru ardatz horiek kontuan hartuz, dinamika berri bati ekingo diote bihartik Errenteria-Oreretan. Aste oso bat euskaraz, zergatik ez? Bihartik apirilaren 8ra iraungo duen iniziatiba da, euskararen kaleko erabilerari bultzada emateko sortutakoa: Aste BatZUK.
Euskararen erabilera zalantzan dagoen garaian, hizkuntzaren aldeko iniziatiba mordoa kaleratu dira. Korrika, esaterako, hasi da. Eta horren harira, Errenteria-Oreretako Xenpelar AEK-k eta Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak Aste BatZUK dinamika sortu dute herrian.
Aurtengo Korrikaren leloa,
BatZuk, hizkuntza, kultura eta mundu batzuk osatzeko nahiarekin sortu dute. Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko Aitzol Perez de San Romanen hitzetan, Korrikaren ildo berbera erabili nahi izan dute herriko jarduerarako. Korrika «ero batzuk» sortu eta sekulakoa bihurtu dela adierazi du, «gu ere ero batzuk garela pentsatzen hasi gara lanean»; ea sekulakoa egiten duten.
Ahobizi ala Belarriprest, zein zara zu? Apirileko lehenengo asteko Aste BatZUK-en parte hartuko dutenek bat edo bestea izango dira. Batzuk euskaraz arituko dira, eta besteek euskaraz mintzatzeko eskatuko diote aurrekoari, ondo ulertzen dutelako.
Ahobizien papera zein izango den definitzeko, Nahikoa da besteak euskara ulertzea, nik hizkuntza ez aldatzeko esaldia erabili dute. Belarriprestentzako, berriz, Hitz egiten ez dudan arren, ondo ulertzen dut, beraz, nirekin hitz egin euskaraz esaldia. Ahobiziak eta Belarriprestak. Lanean jarriko dira bihartik aurrera, denen artean Errenteria-Oreretako kaleko euskararen erabilera ahalik eta handiena izateko helburuarekin.
Berdin dio euskaraz mintzatzeko arazoak izatea. Ulertzeko gai denak, Belarriprest izateko aukera du. Ahobiziak euskaraz dakiten horiek izango dira. Beste pertsona batekin hitz egiterakoan, besteak ulertzen badio, Ahobiziek euskara mantenduko dute. Belarriprestak, gutxi gorabehera euskara ulertzen duten horiek izango dira, horregatik, euskaldunei euskaraz egiteko eskaera zabalduko diete, duten euskara maila neurri batean hobetu ahal izateko.
Erabileran eragin
Dinamikaren helburu nagusia «euskararen kaleko erabilera handitzea da», Perez de San Romanek adierazi duenez. Horretarako, «hiztunon ohiturak aldatu eta euskaraz bizitzeko hautua egiten dugunok erdaldun batekin topatzen garenean gaztelerara jotzeko tendentzia hori hautsi» nahi dute. Gainera, kasu horretan, «ulertzen badigute, guk euskara eusteari ohitzea» da iniziatibaren xedeetako bat.
Iniziaribarekin hasi baino lehen, parte hartu nahi dutenekin formazio saio batzuk egin dituzte. Joan den larunbatean, hilaren 25ean, Xenpelar Etxean, dinamikan parte hartu nahi dutenei zuzenduta, informazio saio ezberdinak egin zituzten.
Egunean zehar, lau saio eskaini zituzten. Jende mordoa gerturatu zen Aste BatZUK dinamikaren nondik norakoak ezagutzeko, eta astean zehar bakoitzaren papera zein izango den jakiteko.
Atzetik datorren dinamika
Iniziatiba ez da berria, ezta gutxiago ere. Euskal Herriko herri eta hiri askotan egin dute. Perez de San Romanek azaldu duenez, Bilbon egin zen lehen aldiz. Bertan 40 egunez pertsona bat euskaraz aritu zen, han euskaraz bizitzerik bazegoen ikusteko. Orduz geroztik, udalerri ugaritan ikusi dute herritarren artean euskarari bultzada bat emateko horrelako aukera.
Lasarte-Oria, Agurain, Hernani, Donostia… Herri horietan guztietan egin dute Aste BatZUK-en antzeko euskararen aldeko jardueraren bat, eta denetan arrakasta izan du. Denek helburu berberarekin ekin diote dinamikari: euskararen kaleko erabilera handitzea, hizkuntza erabili eta ulertzen dutenen artean hedatzea.
Ehunka lagunek eman dute jada izena Aste BatZUK-en kide izateko, parte hartu ahal izateko. «Konbentzituta» azaldu dira antolatzaileak hasiera batean jarri zituzten kopuru eta helburuak gaindituko dituztela. Orain, «beste espektatiba berrien bila» dabiltzala aipatu du Lau Haizetarako kideak.
Belarriprestak eta Ahobiziak dira ekimenaren ardatzak. Ondokoak euren ikurrak dira.
Errenteria-Oreretan euskararen egoera zein den aztertzeko ere balio dezake Aste BatZUK-ek. Lau Haizetarako kideak esan duenez, Errenteriako biztanleen gehiengo batek ulertzen du, hamarretik zazpik: «Baina egia da ere kalean %15ak bakarrik erabiltzen duela euskara». Hori, albiste «ona» da antolatzaileentzat, baina alde txarra baduela diote, «oraindik oso baxua izaten jarraitzen duelako erabilerak, ezagutza nahiko altua izan arren». Dagoen ezagutza kontuan hartuta, erabilerak handiagoa beharko lukeela izan diote. Hortaz, kale erabilerari «astindua» eman behar zaiola ziur dute.
Horrela, Aste BatZUK, Perez de San Romanentzat, «egotetik egiterako adibide oso polita» da. Euskararen erabilerak behar duen bultzada hori ematea beharrezkotzat du, are eta gehiago kontuan hartzen bada geroz eta jende gehiagok dakiela hizkuntza. Gainera, ondorengo gogoeta partekatu nahi izan du: «Ea aste honekin, herritarrok, norbanakook, egunero euskaraz bizitzeko urratsa egiten dugun. Horretarako lagungarri izango dela uste dugu».
Aste BatZUK hasteko ekitalditxo bat prestatu dute. Bihar da, larunbata. Korrika Jaia egingo dute Errenteria-Oreretan. 11:00etan hasiko dute Koldo Mitxelena eskolako patioan egingo duten zirku tailerrarekin; tailerra haur eta gurasoentzat zuzendua da. 13:00etan, Zumardiko karpan, euskararen erabilera era kontzientean hasteko ekitaldia egingo dute; 14:30ean, Koldo Mitxelenako eskolako patioan berriz ere, herri bazkaria antolatu dute. Egunaren hasieran eta bukaeran, DJ Oihan Vega izango da Zumardian, eguna eta gaua musikaz alaitzeko. Gainera, egunean zehar Belarriprest eta Ahobiziek euren txapa eskuratzeko aukera izango dute: soinean eramango duten txapak bereiztuko ditu bi figura horiek.
Beraz, oreretarrak prestatu daitezela bihartik aurrera, aste eroa datorrelako. Dagoeneko ero batzuk elkartu dira eta sekulakoa egiteko prest daude. Ez dira gutxi izango, ez. 400etik gora, eta gehiago izan daitezke. Ehunka bizilagun euskararen alde lanean, hitz eginez; hori da Aste BatZUK-en funtsa. Ahobizi edo Belarriprest, berdin dio. Euskara ahoan badago berdin dio.
Euskararen kaleko erabilera ia hiru puntu igo da azken bost urteetan
Soziolinguistika Klusterrak Errenteria-Oreretako hizkuntza erabileraren kale neurketaren emaitzak eman ditu . Gazteen artean, erabilera, ez da espero zitekeenaren adinakoa
Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga, azalpenak ematen.
Asteazkenean, Xenpelar Etxean, Errenteria-Oreretako kaleetan egindako euskararen erabileraren azken neurketaren emaitzen berri eman zuten. Aurreko ikerketa 2011ean ere egin zuten, beraz, bost urteko epealdian zein bilakaera izan den aztertzeko aukera izan zen. Neurketa egiteko, herriko kale edo eremu zehatzak aukeratu zituzten. Honakoak dira neurtzaileak izan ziren eremuak: Erdigunea, Beraun, Fanderia, Iztieta, Galtzarabordako kiroldegi ingurua, eta ibai ingurua. Datu orokor nagusia da 2011tik 2016ra, euskararen erabilerak %2,7an egin duela gora herrian.
Euskararen erabileraren azterketa 2016ko irailaren 21etik urriaren 22ra egin zuten. Lagina, egin diren 3.087 elkarrizketek eta horietan solaskide izan diren 8.455 herritarrek osatzen dute. Elkarrizketetan aztertutako adin tarteak ondorengoak izan dira: 2-14, 15-24 eta 25-64, eta 64tik gora.
Emakumeak izan dira nagusi ikerketa soziolinguistikoan. Elkarrizketatu guztietatik, gizonezkoak 3.802 izan diren bitartean, elkarrizketatutako emakumeak 4.653 izan dira.
Xehetasunak
Errenteria-Oreretako euskararen egoera anitza da. Ikerketan ateratako datu orokorren arabera, euskararen erabileraren batez bestekoa ia hiru puntu igo da azken bost urteetan: %12tik %14,7ra.
Emaitzek dioten bezala, herrian egiten diren hamar elkarrizketatik, bat eta bi artean euskaraz dira soilik. Euskara gehien entzuten den eremua kiroldegi ingurua da. Han, %19,9k euskara erabiltzen duela esan daiteke. Bigarren postuan Erdigunea dago, %17,6arekin.
Generokako banaketa egiterakoan, emakumeek %15,9 eta gizonekoek %13,2 egiten dutela ondorioztatu dute ikerketaren datuetatik. Azkenik, adinaren araberako erabilera datua ondorengoa izan da: haurrak (%26,3), gazteak (%13,8), helduak (%13) eta adinekoak (7,2).
Emaitza horien inguruko balorazioa egiterakoan Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak esan du «emaitza gazi-gozoa» dela. Gozotzat ematen du bost urteko epean erabilera orokorrean bi puntutik gorako igoera izatea, «oso ondo baloratzeko modukoa da hori». Ibilbide guztietan igoera bat izan dela ere aipatu du.
Herriko Erdigunea euskara erabileran bigarren lekuan dago. Haurrek, bertan, euskaraz beste auzoetan baino gehiago hitz egiten dutela nabarmendu du Urangak, «hori etorkizunari begira positiboa» dela argudiatu du.
«Alde gazitik ere badute ikerketaren emaitzek», esan du teknikariak. Esaterako, ezagutza-erabilera proportzioa, gazteen artean, baxua izan dela adierazi du. Gazteen erabilera, haurrenetik «gertuago» egongo zelaren susmoa zuten, baina ez da horrela izan.
Azkeneko bi ikerketen arteko bost urteko tartea ikusita, «lan bat egin dela» onartu du teknikariak, baina euskararen erabilerari bultzada bat emateko «lan handia» egin behar dela oraindik ziurtatu du.