Oiartzungo Kirol Saria banatuko dute bigarren aldiz, gaur. Haurtzaro Atletismo Taldeko Periko Sanromak jasoko du saria, 33 urte baitaramatza bertan.
[Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda].
Oiartzungo Kirol Astea ospatzen ari dira, hirugarren urtez. Hainbat kiroletan adituek hitzaldiak eman dituzte aste honetan zehar. Gaur arratsaldeko ekitaldiak jarriko dio ginga kirola ardatz izan duen asteari: Kirol Saria emango dute.
Berezia izango da gaur arratsaldeko itxiera ekitaldia (19:00etan hasiko da). Iaz Girizia elkarteak jaso zuen saria, bere mendi sailak 30. urteurrena bete zuen urtean. Herriko kirolaren alde egindako lana aitortu nahi izan zuten.
Ez da 30 urte baino gehiagotan lanean ari den kirol elkarte bakarra. Badago besterik. Horien artean dago Haurtzaro Atletismo Taldea. 1984an sortu zuten Alvaro Agirrek, Jose Ramon Oiartzabalek, Bixente Artolak eta Periko Sanromak. Laugarren horrek hutsik egin gabe jarraitzen du taldeko entrenatzaile gisa, eta bere ibilbidea sarituko dute gaur.
Ezagutzen dutenek ongi imajina dezaketen bezala, umorez hartu du saria. «Orain dela hamabost urte, ez dakit zergatik, sari bat eman zidaten lehenengo aldiz. Hau da bigarrena. Oiartzunen dagoen kirol mailarekin, posible zuten beste bat aukeratu», esan du Sanromak. Irribarrerik galdu gabe, zortekoa dela gaineratu du, beti «diru pila bat» banatzen duten sariak jasotzen dituelako.
Serioago jarrita, gazteei aisialdirako aukera bat emateko, Oiartzunen atletismo kluba sortzea erabaki zuten. «Eta horretan jarraitzen dugu», gehitu du Sanromak.
Hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak mugatutako adinetik aurrera kirola egiten jarraitu nahi zutenentzako federatu ziren. Sanromak ez du «sekula» ahaztuko nola joan zen izen emate prozesu hura: «Gogoan dut notario baten aurrean 25.000 pezeta ordaindu behar izan genituela. Ondoren, atletismo federaziora joan ginen, hura aurkeztu, eta Eusko Jaurlaritzan eman genuen izena. Horrela sortu genuen klub federatua».
600 pertsonatik gora
33 urte pasatu dira dira ordutik, eta ehunka haur pasatu dira eskolaz kanpoko jarduerak egiteko aukera ematen duen klubean. Sanromak zerrenda batean bilduak ditu guztien izenak. «600 izen, gutxi gorabehera, ditut zerrendan apuntatuak», zehaztu du. Hori bai, gutxienez atletismo proba ofizialen batean parte hartu duten kirolarien izen eta abizenak daude bakarrik. «Gurasoek kiloak galtzera edo sosegatzera bidalitako haurrak ez ditut kontuan hartu», azaldu du. Beraz, 600 baino askoz gehiago dira Haurtzaro Atletismo Taldearekin egondako haur eta gaztetxoak.
Zortzi-bederatzi urterekin hasten dira haurrak, eta Promesa Mailara arte —hemezortzi edo hemeretzi urte betetzen dituzten arte— egon daitezke Haurtzaron atletak. Hala ere, gaur egun badira ikastolaren izena daraman taldean parte hartzen duten helduak ere.
Haurtzaro Atletismo Taldean kirola egiten dutenek, atletismoa bere osotasunean ezagutzen dute. Atletismoko ia proba guztiak lantzen dituzte, mailu jaurtiketa eta pertika jauzia izan ezik.
Errelebo proba, pistan ez ezik, belaunaldien artean ere egiten da. Periko Sanroma: «Gurekin ibilitako batzuk bere seme-alabekin etorri izan dira. Orduan pentsatzen duzu: ‘Jo, zenbat denbora daramadan talde honetan!’. Kirolariak eta gurasoak joan-etorrian egon dira, baina ni beti hemen nago».
Markak
Sanromak, baina, ez du dena berak bakarrik egiten. Baditu laguntzaileak. «75 urte ditut, eta nik bakarrik ezin dut. Garazi Urdanpilleta, Itsaso Marcos eta Xabier Salaberria dira entrenatzaileak», eskertu du. Izan ere, hori da taldearen filosofiaren ardatzetako bat: haur zirenean klubean aritu zirenek, heldutasunera iristean, etorri berriak laguntzea.
Kluba aisialdi eskaintza gisa sortu bazen ere, marka bikainak lortu dituzte bertako hainbat atletek. Sanromak gogoan ditu, bereziki, bi atletek ezarritako markak. Pisu jaurtiketan, Gazte Mailan, Amaia Elizalderena, eta jauzi hirukoitzan Maitane Azpeitiarena. «Marka horiek gureak dira. Ez gara hain txarrak!», aldarrikatu du.
Izan ere, pistan nabarmentzea lortzen dutenak Donostiara edo Bidasoara bideratzen dituzte, bertan jarrai dezaten. Bada joan eta atzera Oiartzunera itzuli denik, etxeko giroarekin gusturago egoteagatik.
Urte luze hauetan bitxikeria asko gertatu zaizkio entrenamendu eta probetan. Pasadizo horietako bat kontatzera animatu da: «Behin, ama bat etorri zitzaidan. Kontatu zidanez, bere semeak esan zion entrenamendura etxeko zapatilak eramateko. Daukadan euskara honekin, esan nion ‘iltzeko zapatilak’ ekartzeko, eta beste hura ulertu zuten. Behintzat haurrak zerbait sanoa ulertu zuen [kar-kar]».
Gaur arratsaldean, Sanromak bere ibilbidea aitortuko duen saria jasoko du. Baina ez du agur kutsurik izango, ez: astelehenean, 18:00etan, Periko Sanroma Haurtzaro Ikastolan egongo da, haurrei atletismoaren zirrikituak erakusteko asmoz.