Ikurrina eta errepublikako bandera igoko dituzte Herriko plazan 13:30ean egingo duten ekitaldian.
Pikoketak antolatutako aurreko ekitaldi bat.
Pikoketa Oarsoaldeko Errepublikazaleen Elkarteak ekitaldia egingo du igandean Espainiako II Errepublikaren harira. Herriko plazan Ikurrina eta errepublikako bandera igoko dituzte mastan. Miren Mendarte, errepublika garaian Errenteriako Udalean zinegotzi izan zen
Serapio Mendarteren alabak igoko ditu bi banderak. Zinegotzia, Artxandan hil zuten eta oraindik orain ez dute bere gorpua aurkitu. Bi banderak igota, topa egingo dute “etorkizuneko III Errepublikaren alde”.
Faxismoaren aurka borrokatu eta bizitza emandako milaka lagunen omenezko ekitaldia izango dela igandekoa zehaztu du Pikoketak: “demokraziaren alde borrokatu ziren eta beraien gorpuek gaur egun desagertuta jarraitzen dute. Serapio Mendarte bezalako pertsonak ziren, eta bizi izan zuten une historikoan erakutsitako duintasuna balioan jartzea merezi dutenak”.
Oroitzapenerako bai, baina aldarrikapenerako ekitaldia ere izango dela erantsi du elkarte errepublikazaleak: “2017 urtean berdintasuna bezalako balore demokratikoek monarkiarekin talka egiten dutela uste dugu. Herritar libre eta ahaldunduen garaia da, herri zein pertsona gisa beren etorkizuna erabakitzeko gaitasuna duten pertsonen garaia da”. Pikoketarentzat estu lotuta daude balore horiek guztiak errepublikarekin, “errepublikarena, etorkizuneko aldarrikapena dela ulertzen dugu”. Errenteriarrak zein Oarsoaldeko beste herrietako bizilagunak deitu dituzte 13:30ean Herriko plazak hartuko duen ekitaldian parte hartzera.