Adinekoen artean jarduera fisikoa sustatzeko helburuz, Tipi Tapa programa abiatu dute Pasaian.
Lezoko adinekoak ere biltzen dira astero ibilaldiak egiteko.
Ibiltzeak onura asko ditu adineko jendearengan, eta horretaz jakitun, udalerri askotan ari dira erretiratuen artean jarduera fisikoa sustatzea helburu duten programak bultzatzen. Pasaian hilaren 3az geroztik dago martxan Tipi Tapa Badia Inguratu egitasmo berria, hain zuzen ere, lau barrutietan, astean behin, adinekoak bildu eta ibiltzera irteteko.
Programaren antolatzaileek zehaztu dutenez, irteeretan treking makilak erabiliko dituzte, eta “erresistentzia aerobikoa” landu, “muskuluen indarra handitu”, eta “artikulazioen mugikortasuna” landuko dutela iragarri dute.
Horrez gain, aldian behin formazio saio orokorrak antolatuko dituztela nabarmendu dute, “udalerriko toki biologikoki osasungarrietan” eta hiru hilean behin, berriz, badia inguratzeko etapa bat prestatuko dute, ibilbidean herriko lau taldeak elkartzeko modua eta tokia aurrez prestatuta.
Irteerak, beti ere, barrutietako kirolguneetatik abiatuko dira, hau da, Antxon, Ibaiondo pilotalekutik; San Pedron, udal gimnasiotik, eta Donibanen eta Trintxerpen, kirolguneetatik.
Erretiratuen egoitzetan zabalduko dute programaren gaineko informazio eta adineko interesdunek bertara jo beharko dute izena ematera, doan. Horrez gain, kirolguneetako erebiltzaileei baita ere helaraziko diete informazioa.
Irteera egunak eta ordutegia:
- Donibane: Ostegunetan, 10:30ean.
- Trintxerpe: Ostiraletan, 10:30ean.
- San Pedro: Ostegunetan, 10:30ean.
- Antxo: larunbatetan, 09:00etan.