Oiartzun Azmarrin-i jakin-mina sortu dio ezker abertzalearen berfundazio prozesuak. Ildo politikoko lau alor jorratuko dituzte beste hainbeste hitzalditan.
Lau hitzaldiko zikloa antolatu du Oiartzun Azmarrin taldeak.
Orain dela lau urte sortu zen Oiartzun Azmarrin taldea, hainbat gairekin hausnartzeko asmoz. Ez dute kuriositaterik galdu, eta maiatzerako lau hitzaldi antolatu dituzte, beste hainbeste gai jorratzeko asmoz.
Hitzaldi zikloa antolatzearen abiapuntua ezker abertzalearen berrantolaketa dela jakinarazi dute Azmarrin-eko kideek. «Bageneukan kuriositate bat, azken hilabeteetan ezker abertzalearen barruan berrantolaketa horren barruan, eta konkretuago Sorturen birfundazioari begira. Hor bazeuden jakin-mina pizten dizkiguten puntu batzuk», azaldu dute.
Gogorarazi dutenez, ezker abertzalearen berrantolaketa organizazioan eta ildo politikoan egiten da. Bigarren horrek jakin-mina sortzen diela ziurtatu dute Oiartzun Azmarrin-eko kideek. Zehazki, ildo politikoko lau gaiek: independentismoak, ziklo armatuaren ondorengoak, eredu sozialak eta euskal epika berriak.
Lau hitzaldien zikloari
Udaberri gorrian euskal errepublika marraztu izena jarri diote. Hitzaldiak 19:00etatik 21:00etara izango dira maiatzeko hainbat egunetan. Lehena eta hirugarrena pleno aretoan, eta beste biak, aldiz, Manuel Lekuona bibliotekan.
- Maiatzak 4. Estrategia independentista jorratuz. Hizlaria: Arnaldo Otegi. Gidaria: Ekhiñe Atorrasgasti.
- Maiatzak 10. Ziklo armatuaren ondorioak gaindituz. Hizlariak: Oihana Garmendia eta Urtza Alkorta. Gidaria: Miren Azkarate.
- Maiatzak 18. Eredu soziala ezkerretik eraikiz. Hizlariak: Edurne Larrañaga, Jone Etxeberria eta Mikel Urdangarin. Gidaria: Iñaki Petxarroman.
- Maiatzak 25. Euskal epika berria sortuz. Hizlariak: Gotzon Barandiaran, Ainara Lasa eta Jon Maia. Gidaria: Sustrai Colina.