Realaren bisita jasoko dute oiartzuarrek. Garaipenaren beharra dute, pasa den asteko emaitzen ondoren, jaitsiera postuak puntu bakarrera baitituzte.
Oiartzunek eta Realak derbia jokatuko dute bihar eguerdian Ugaldetxon. Liga bukatzeko —asteburu honetakoa kontatuta— hiru jardunaldi falta dira, eta puntu beharrean daude oiartzuarrak. Pasa den jardunaldian, Oiartzunek izan ezik, beheko aldean dauden beste hiru taldeek garaipena lortu zuten. Ondorioz, puntu bakarrera dute jaitsiera postua.
Arerio gogorra izango da Reala. Sasoi onean daude, eta pasa den igandean Athletici irabazi zieten. Oiartzun Kirol Elkarteko talde nagusiak zale guztien laguntza beharko du bihar, 12:00etatik aurrera, Karla Lekuona futbol zelaian.
Mutilen taldeei dagokienez, Ohorezko Erregional Mailako taldeak Azkoitian jokatuko du gaur, Anaitasunaren kontra. 17:00etan hasiko da partida. Bigarren taldea, berriz, Herrareko futbol zelaian ariko da, Irauli Bren kontra, 15:30etik aurrera.