[Bideoa] Pasaian erritmo kubatarrekin hasiko dira aniztasuna ospatzen
Jade taldeak kontzertua eskainiko du bihar, San Pedron, Aniztasuna opatzeko antolatutako egitarauaren barruan.
Pasaiako Udalak egitarau zabala atondu du Aniztasunaren Astearen bueltan. Asteburu honetan hasiko dira jarduerak eta ekainera arte luzatuko da egitaraua. Tartean, erakusketak, ikus-entzunezkoak, topaketak, musika… denetarik izango da, beti ere udalerrian bizi diren jatorri askotako pertsonen elkargune izan eta herritarren elkar ezagutza bultzatzeko asmoz. Musikarekin abiatuko da egitaraua, bihar, Jade bikotearen erritmo kubatarrekin. Bi emakumek osatzen dute taldea, Anaysa Prieto Pedroso eta Maygred Felina Bourricaudy Blanco. Musikagilea eta abeslaria bata, gitarrista bigarrena, musika kubatar garaikidea sortzen dute elkarrekin. Beren kontzertuaren aurretik, film labur bat proiektatuko dute eta ondoren mahai-ingurua izango da, ikusleen partaidetzarekin. Hizpidea, musika egiten duten emakumeak eta beren bizipenak. 18:00etan da zita, udal aretoan.