Joan den asteleheneko Gobernu Batzordean obren kontratazioa egiteko prozedura martxan jartzea erabaki zuten.
Herri eskolako estalpea eraikitzeko lanak esleituko ditu udalak epe motzean.
Herri Eskolako jolastokia estaltzeko obrak udan egin asmo dituztenez, joan den asteleheneko Gobernu Batzordean obren kontratazioa egiteko prozedura martxan jartzea erabaki zuen udalak.
Beraz, proposamenak aurkezteko epea zabalik da jada. Obrek, gehienez, 440.000 euroko aurrekontua izango dute (BEZa barne).
Proiektu honek eskolako azpiegiturak hobetu eta, bide batez, herritarren beharrei eta eskaerei erantzun nahi die, udalak zehaztu duenez, “lezoarrei egun eguzkitsu zein euritsuetan” erabilgarri izango zaien estali berria eskainiz.
“Egitura sinplea, arina eta gardena izango duen estaldura” ezartzeko asmoa dute Herri Eskolako jolastokian, argi naturala sar dadin. Era berean, egun dauden sarrerak mantenduko, baina eskola orduetatik kanpo eremua erabiltzea ahalbidetzeko itxitura berri bat egingo dute.
Honenbestez, lezoarrek eskola orduetatik kanpo erabili ahal izango dute eskolako jolastokia, baita larunbat, igande eta jai egunetan ere, 21:30ak arte.
Ikasleei zein bertako langileei eragozpenik ez sortzeko lanak udan egingo dituzte.
Ludoteka zerbitzuaren kontratazioa
Esleitzekoen artean, baita ere, ludoteka zerbitzua. Lehengo astelehenean onartu zituzten kontratatzeko baldintzen pleguak. Horrenbestez, interesa duten enpresek, 20 laneguneko epea izango dute euren proposamenak aurkezteko Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratzen denetik.