Oiartzun porrotarekin itzuli da Madrildik. Datorren jardunaldian irabaztera behartuta daude, eta Albacetek bere norgehiagoka gal dezala.
Oiartzunek ezin izan zuen ezer ere ez egin Rayoren kontra.
Jipoi gogorra jaso zuen atzo Oiartzunek Vallecasen. Lehen Mailari eusteko partida erabakigarria zuen taldeak atzo. Rayo hamargarren minutuan aurreratu zen, eta ordu laurden beranduago Marina Agouesek partida berdintzea lortu zuen. Albiste onak, baina, bi minutu besterik ez zituen iraun. Rayokoek penalti baten bitartez lortu zuten markagailuan berriro aurreratzea. Minutu bat beranduago sartu zuten hirugarrena.
Atsedenaldira iritsi baino lehenago, beste bi gol erdietsi zituzten madrildarrek. Aldageletatik irtetean, oiartzuarrek ez zuten amore eman, eta dena erabakita zegoenean etxekoek beste bi gol sartu zituzten, 85. eta 87. minutuan.
Jaitsiera postuetan sartu da Oiartzun, denbora luzez kanpo egon ondoren. Albacetek Tacuense azken sailkatuaren kontra 2-1 irabazi zuen, eta hogei puntu dituzte orain, Oiartzunek baino bi gehiago. Lehen Mailan jarraitzeko duten aukera bakarra igande eguerdian etxeko partida irabaztea izango da, eta Albacetek bere partida galtzea. Horretarako zaleen laguntza beharko dute.
Beste taldeen emaitzak
Gizonen futbol taldeei dagokienez, Ohorezko Erregional Mailako taldeak garaipen irmoa lortu zuen. Mondragoni 4-0 irabazi zioten. Zortzigarren postuan dira, liga bukatzeko bi jardunaldiren faltan.
Lehen Erregional Mailako taldeak igoera faseko azken aurreko partida jokatu zuen. Ordizia liderraren bisita jaso zuten, eta 0-2 nagusitu ziren multzoko liderrak. Oiartzuarrak bigarren dira, bost puntura.
Areto futbolean, kirol elkarteko taldeak 7-4 irabazi zion Soloarteri. Zortzigarren postuan mantentzen dira. Sakibaloiari dagokionez, Oiartzungo Saskilagunak taldeak 42-76 galdu zuen Donosti Dolphins-en kontra.
Erakusketa
Oiartzun Kirol Elkarteak argazkiek osatutako erakusketa jarri du udaletxeko pleno aretoan. Igandera arte ikus daiteke, 09:00etatik 14:00etara et 16:30etik 20:00etara.