Igandean Errenteria-Oreretak XXX. Emakumeen Biraren bosgarren eta azken etaparen irteera eta helmuga jasoko ditu. Txirrindularitza giro handia dago egunotan herrian.
Herriko dendak apaindu dituzte Biraren etorrera girotzeko.
1993. urtean, lehen mailako txirrindularitza lehia batek, lehen aldiz, Errenteria-Oreretan irteera eta helmuga izan zuen. Orduan, Errenterian hasi eta Errenterian bukatu zen Euskal Herriko Itzuliko etapa, Tony Romingerrek irabazi zuena. Behin bakarrik izan dute errenteriarrek goi mailako txirrindulariak herritik ateratzen eta helmugara iristen ikusteko aukera, beraz. 24 urte pasatu dira ordudanik, baina inoiz ez da berandu. Herriak, asteburuan, goi mailako beste txirrindularitza lehia baten agertoki bihurtunahi izan du: XXX. Emakumeen Biraren azken etapa.
1993an, Indurain, Olano, Rominger eta konpainia izan ziren udalerrian protagonista. «Izugarrizkoa izan zen», onartu du Nico Santesteban Laguntasuna Txirrindularitza Elkarteko koordinatzaileak. Laguntasuna izan zen 1993ko hartan, besteak beste, antolaketa lanetan aritu zirenetako bat. Dagoeneko 34 urte bete ditu elkarteak, eta urrats bat aurrera egingo dute aurten Emakumeen Biraren azken etaparen antolaketarekin. Etzi, beraz, Ane Santesteban eta Lierni Lekuona Oarsoaldeko txirrindulariak zuzenean ikusteko aukera izango da.
Ibilbide luzea eginda iritsiko dira txirrindulariak herrira. Izan ere, Iurretan (Bizkaia) hasi zen Emakumeen Bira asteazkenean, tropelaren barruan munduko txirrindulari onenak zeudela. Bost etapetan 371,8 kilometroz pedalei eragin ondoren, 96 kilometroko bosgarren etapa gogorrari ekingo diote etzi lasterkariek.
Laguntasuna, antolatzaile
Laguntasuna Txirrindularitza Elkartetik dator igandekoaren proposamena. Nico Santesteban Laguntasunako koordinatzailearen hitzetan, iazko Bira «oso polita» izan zen. Orduan bururatu zitzaion udalari Bira hartzeko proposamena egitea. «Orain arte lehen mailako emakumeen kirol probarik herrian ez egitea» izan da Biraren azken etapa ekartzearen arrazoi nagusia. Herriari ere «bultzada» eman diezaiokeen proba da Santestebanentzat. Laguntasunarekin batera, nola ez, gertuko beste hainbat elkarte ere lanean aritu dira. OTXE (Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola) eta Gurpil Artean (Oarsoaldeko txirrindulari eta patinarien elkartea) buru-belarri ibili dira azken hilabeteotan etzikoa aurrera ateratzeko auzolan horretan. Baina ez dute bakarrik igandekora mugatu dena, ezta gutxiago ere.
Azken hilabetean, txirrindularitzarekin harremana izan duten hamaika ekitaldi antolatu dituzte: zozketak, zinema saioak edota txirrindularitza txapelketak, esaterako.
Errenteriara Emakumeen Euskal Biraren etapa bat ekartzeko ideia sortu zitzaienean, udaletxearekin jarri ziren kontaktuan. Santestebanek esan duen bezala, udalak eskaera onartu zuen, «eta berehala jarri ginen OTXE eta Gurpilartean elkarteekin lanean».
«Hain potentea den txirrindularitza proba bat» Gipuzkoan ez dela orain arte egin nabarmendu du Santestebanek. Esparru horretan, Bizkaia izan da gisa horretako lehia gehien jaso dituen lurraldea. Egoera horri buelta ematen hasiko dira igandean, Oarsoaldea osoa zeharkatuz.
Udalaren aldetik, egitasmoa onesteaz gain, proiektua «oso interesgarria» izan zela onartu du Jon Txasko Errenteriako Udaleko Kirol zinegotziak.
«Aukera» udalarentzat
Errenteriako Udalak gidari lanak egin ditu azken hilabeteetan. Txaskok esan bezala, «dirutza izan arren, etaparen aldeko apustua egin behar genuela argi ikusi genuen». Laguntasuna taldeak proposamena esleitu bezain pronto, udalean Emakumeen Bira Errenteriara ekartzeko lanean jarri ziren. Bereziki, «herriko bi profesional genituela ikusirik», bertan egitea interesgarria izango zela ohartu ziren Kirol sailean. Herriko bi txirrindulari profesionalak Dorleta Eskamendi eta Ane Santesteban dira; azken hau ari da parte hartzen Biran, Lierni Lekuona lezoarrarekin batera.
«Aukera bikaina» da udalarentzat Bira «berdintasunaren alde lan egiteko», «beharrezkoa» den berdintasun hori bermatzen hasteko, Txaskoren ustez. «Herriko elkarte ezberdinekin elkarlanean» aritzea ere baikor ikusi dute administrazio publikotik. Gainera, «komertzioei bultzada emateko garrantzitsua» ere izan daitekeela nabarmendu du zinegotziak.
Laguntasuna elkarteko koordinatzaileak ere gai horren gaineko iritzia badu: «Emakumeen txirrindularitza erabateko gorakadan dagoen kirola da. Egunez-egun indartsuago dago. Gaur egungoa luxua da: gizonen maila berean koka dezakegu jada». Gainera, txirrindularitza egutegian Emakumeen Birak «toki bat» egin duela nabarmendu du Laguntasunakoak.
Txaskoren ustez, «berdintasuna babestu eta emakumeen kirola dagokion tokian kokatzeko mapan» baliagarri izango da igandekoa.
Dena prest
Udaletik «izugarrizko jendetza» espero dute iganderako herrian eta inguruko errepideetan. Parte hartzaileen eta enpresen artean bakarrik 500 pertsona baino gehiagok zapalduko dute Errenteria-Orereta. Herriko Zumardia jendez gainezka beteko da, seguru, etaparen hasieran eta bukaeran. Gainera, 120 boluntariotik gora Errenteria, Lezo, Oiartzun, Hondarribia eta Jaizkibel inguruko errepidetan izango dira, txirrindulariei nondik joan esaten, eta batez ere, segurtasuna bermatzen.
Santestebanek «etxeko lanak» egin dituela esan du, «asetzea» lortu duela. Lasai geratu da, «orain arte emakumezkoen lasterketarik ez dugulako ekarri», eta aurten lortu dutelako. «Klubean emakume ugari izan arren, ez genuen inoiz igandekoa bezalako esperientzian parte hartu», gehitu du koordinatzaileak. «Karrera oso polita da», dio, eta txirrindulariek «luzitzeko aukera» izango dutela argi du. Gainera, eguraldia lagun izango dutela seguru dago.
Errenteria-Oreretari unea iritsi zaio, hainbeste urte pasa ondoren, berriro lehen mailako etapa baten hasiera eta bukaerari harrera egiteko. Igandean, 11:00etatik aurrera, Zumarditik atera eta inguruko leku esanguratsuenetatik pasa ostean, Emakumezkoen Euskal Birari amaiera emango diote errenteriarrek, 1993ko Bira gogora ekarriko duten lasterketaren azken etapa horri.