Gerard De Jong: «Gure autonomia politikoa galtzeak hizkuntza mehatxa dezake»
Hugoenean bi hilabeteko egonaldia egiten ari da De Jong, Beste Hitzak-Other Words programaren barruan, hilabete hasieratik.
«Itsasoari lurra irabazi zioten langileen hizkuntzek sortu zuen bildtsa»Eta zu hautatu zintuzten. Asko zor diegu frisiarrei. Zure hizkuntzaren alde borroka egin behar duzu. Beste Hitzak-en hirugarren aldia izan da Frisian. Lau idazleren proposamenak jaso zituzten: bi bildtar, Leeuwardeneko [Frisiako hiriburua] beste bat eta uharte frisiarretako beste bat. Nirea aukeratu zuten, eta horregatik nago hemen. Hegazkinean etorri baino, esan zenuen nahiago zenuela autoan etorri. Nola joan zen bidaia? Arazorik gabe. Nahiago nuen autoa ekarri, hemen toki gehiagotara mugitu ahal izateko. Gainera, pasa den asteburuan senideak etorri ziren bertara, eta mugitzeko erosoagoa da. Baina ez horregatik bakarrik. Hamazazpi urtean, lehenengo aldia da etxetik kanpo hain egonaldi luzea egiten ari naizela, eta bidaiak luze jotzea garrantzitsua zen mentalizatzen joateko. Nonbaitera joateko prozesu hori bera bizi nahi nuen. Blogean idatzi dut bidaia horri buruz. Bildtse Post hedabideko erredaktoreburua zara, eta ia bakarrik egiten duzu lan. Noren esku utzi duzu zure postua? Maiatzean eta ekainean Sybe Joostema ariko da. Niretzako erabakigarria izan da ordezko on bat bilatzea: alde askotatik ikusita, pertsona bakarrak egiten duen lana baita, askotan, nirea. Konfiantza handia eduki behar nuen nire ordezkoarengan. Ez da bildts hiztuna, frisiera da bere ama hizkuntza. Gauza garrantzitsuena da kazetari ona izatea, eta bera bada. Hark badu gure egunkariarekiko atxikimendu bat, baita hizkuntza txikiekiko sentiberatasuna ere, eta bildtsa maite du. Pozik nago. Beraz, bildtsaren presentzia murritzagoa izango da? Ez, ez. Badugu guretzako itzulpen lanetan ari den jendea, eta berak [Joostemak] idazten duena itzul dezake. Oso garrantzitsua da konfiantza sorrarazten didan pertsona batek lan egitea. Donibaneko Hugoenea etxean egingo duzu egonaldia. Nolako harrera egin dizute? Oso beroa. Idoia [Noble] eta Oier San Martinek [Euskal Idazleen Elkarteko kudeatzaileak] pazientzia handiarekin itxaron ninduten, Tom-Tomaren erruz hiru aldiz bide okerretik joan nintzelako [kar-kar]. Orain, Donibanen, hamar minutu lehenago atera behar dut Hugoeneatik. Pasa den astean solasaldia egin genuen Donibaneko zaharren etxean. Hugoeneko bizilagunek gelditzen naute, eta garai zaharretako istorioak kontatzen dizkidate. Gaur goizean [astearteaz ari da], pasa den asteko hitzaldian egon zen batek gelditu nau. Ezagutzen ari zaizkit, eta ezagutzen nauten heinean, harremana hobetzen ari da. Atsegina da. Bart Kingma urrian izan zen bertan. Frisiar idazlea da, aurreko txandan egon zena. Trago bat hartu nuen harekin hona etorri baino lehen. Berak esan zidanez, Euskal Herrian sentitu zuen jendeak distantzia mantentzen duela. Ez zegoela oker esan nahi dut. Hori bai, behin izotza urtuta, oso beroa da jendea, eta eskuzabala. Agian ingelesik hitz egiten ez dutelako ez dira gehiago hurbildu… [Idoia Noblek zehaztapen bat egin du. Azaldu duenez, argi zuten De Jongen ekitaldi guztiak hasieran egin behar zituztela, harremanak sorrarazten joateko].
«Euskaldunek hasieran distantzia mantentzen dute, izotza urtu arte»Egitasmoaren barruan, idatzi egin behar duzu. Zein asmo duzu esku artean? Liburu bat idazten ari naiz: Blau fan dagen, gris fan onrust [Egunen urdina, ezinegonaren grisa, bildtsez]. Han erabiltzen dugun esamolde bat da. Zerua urdin dagoela esan nahi du, eguzkiak jotzen duela, aukera onak sor daitezkeela. Baina kolore grisak mehatxua adierazten du, ez dakizula zer etor daitekeen. Gustuko dut esamoldeak duen dualtasuna. Ez ditut testudun baldosatxoak bereziki gustuko, baina testu hori duen bat dut etxean, aiton-amonengandik jasoa. Goiburu bat bezala da. Izenburu perfektua dela uste dut. Zergatik jarri diozu izen hori? Edonorentzako leloa izan daitekeela uste dut, baina baita ere bildtsarentzako berarentzako ere. Zenbait arrisku ikusten ditut hizkuntzaren etorkizunari dagokionez. Zein dira arrisku horiek? Gaur egun, bizi garen tokian badugu autonomia politiko bat. Ez Euskal Herrian [zati batean] bezain beste, baina gure udalerria dugu: Het Bildt. Hainbat herrik osatzen dute. Bost mendean, bildtarrek euren udalerri propioa izan dute. Eurek erabakitzen dute zenbat diru bideratu hizkuntza erakundeei, besteak beste. 2018ko urtarrilaren batean, baina, lau udalerri elkartuko ditu Hagako gobernuak, bakarra osatzeko. Esaten dute udalerriek handiagoak izan behar dutela, eraginkorragoak izateko. Ez nator bat ideia horrekin… Het Bildt udalerri handiago batean sartzeak arrisku hori du. Frisieraz aritzen dira beste udalerrietan, eta, agian, ez dute bildtsa hainbeste zainduko. Ez dago ziurtasunik udalerri berri horrek zein nolako jarrera izango duen. Hori da mehatxua, zinez. Zein da esku artean duzun liburu proiektuaren argudioa? XX. mendearen hasieran, Het Bildteko jendeak bere hizkuntza hitz egiten zuen. Ez zuen ez hiztegirik, ez hizkuntza erakunderik, ez beste hizkuntzarik. 1970eko hamarkadan, frisieraren aldeko mugimendu indartsu bat sortu zen: ikastetxeetan frisierazko eskolak ematearen aldekoak ziren. Horren harira, Het Bildteko biztanleak konturatu ziren ez zutela frisiera behar eskoletan, bildtsa baizik. Frisiar mugimendua indartsu zenean, bildtsaren mugimendua ere indartu zen, erantzun bezala. Ondorengo urteetan, kultur erakunde bat abiarazi zuten hainbatek —tartean gure aitonak—. Ikastaroak ematen hasi ziren, alfabetatu gabe zeuden bildts hiztunentzat, baita kanpotik etorri eta ez zekitenentzat ere. Orduan, hizkuntza instituzionalizatu egin zen, profesionalizatu. Kontzientzia hartze horri buruz hitz egin nahi dut. Oso garrantzitsua izan zen euren hizkuntza propioa zutela jabetzea. Azken urteetan, egia esan, erakunde horiek ez daude bere onenean… Horregatik uste dut garrantzitsua dela erakunde horiek berriro on bilakatzea, datozen garaiak hizkuntzarentzako nahiko gogorrak izan daitezkeelako. Gazteen artean, nolakoa da hizkuntzaren egoera? Ez naiz hain ezkorra. Beraiek erabiltzen dute hizkuntza, elkarrekin ateratzen direnean. Uste dut ematen diela nortasun bat, cool-a dela, ahoskera nahiko gogorra baitu bildtsak. Beren whatsappean erabiltzen dute, nahiz eta idazkera arauak ez dituzten asko errespetatzen… Baina tira, erabiltzen dute, eta hori da garrantzitsuena. Frisierarekin berdin gertatzen da.
«Bildtsak dituen aukera eta arriskuei buruzko liburua idazten ari naiz»Pasa den astean Berria-n izan zinen, Martxelo Otamendirekin. Hiru ordu inguru egon ginen, baina elkarrizketak asteak iraun zitzakeen… [kar-kar]. Ohorea eta plazera izan zen niretzat. Badakit zer pasarazi zioten. 2003an Euskaldunon Egunkaria itxi zuten, auto batean sartu eta Madrilera eraman zuten. Han torturatu egin zuten. Bihotz-bihotzetik esaten dut: bere hizkuntzaren aldeko lanean buru-belarri ari den kazetaria da. Egunkaria-ren itxiera, esaten zuenez, bere nortasunaren eta hizkuntzaren aurkako erasoa izan zen; ez zen bere kontrako zerbait pertsonala izan —nahiz eta berak pairatu—, zerbait handiago baten kontrakoa izan zen. Asko errespetatzen dut Berria. Gainera, Berria eta beste hainbat hedabideei buruz hitz egiteaz gain, oso interesatua zegoen bildtsarekin. Hasieratik egin zizkidan galderak. Hasieratik argi geratu zitzaion zer suposatzen duen nire egunkariak. Horrez gain, nire egunkaria nola lagun zezaketen galdetu edo harremanetan egoteko bideak eman zizkidan. Oso aberasgarria izan zen, eta lagunduko dit nire ibilbidean. Niretzako oso arraroa da, Berria-k 13.000 harpidedun dituelako, eta gureak 1.800… Gure aldizkariaren biharko [herenegungo] zenbakirako, topaketa haren berri emango dut, nire blogean idatzitako testuari hainbat gauza erantsita. Hedabideen berri izateaz gain, eta ekitaldi publikoetan parte hartzeko aukera izateaz gain, egin duzu besterik. Zer moduz igandean Anoetan? Oso-oso ongi. Eserleku onak eskuratu zizkiguten. Giroarekin eta abar gozatu genuen —esan zidaten beti ez dela horrela—, baina emaitza pena izan zen… Realak, egin zuen jokoagatik, irabaztea merezi izan zuen. Kontatu zidaten zelai zahar bat zegoela [Atotxa], Anoeta berrituko dutela… Eta, nola ez, politika. Hemen dena politikarekin dago lotuta, eta benetan maite dut hori. Esan zidaten Realeko zaleak ezkerrera lerratuta daudela. Zein plan gehiago dituzu? Ekitaldi publiko pare bat gehiago egingo ditut, ekainaren 12an eta 13an. Poesia eta pentsamendua ekitaldian egongo naiz, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan, beste idazleekin batera. 13an, Donostian ere, beste bat dut. Ordura arte idazten eta idazten ariko naiz. Literaturian ere parte hartuko dut, Zarautzen, baina giroa ezagutzeko.