Oinezkoen segurtasuna hobetuko dela adierazi du Lezoko alkateak; Martiarenaren adierazpenek EH Bilduren haserrea eragin dute.
Oinezkoentzako eta txirrindularientzako bide berria prestatu dute.
Obra hauen bitartez “istripu, zauritu eta hildakoak eragin dituen puntu beltz honi behin betiko irtenbidea” emango zaiola adierazi du Jesus Mari Martiarena alkateak.
Lanekin herritarren irisgarritasun eta segurtasuna hobetu dutela dio udalak eta, era berean, oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidea eraiki dutela nabarmendu dute.
Horrez gain, bere udal gobernu taldearentzat lehentasuna izan dela adierazi du Martiarenak, eta EH Bilduri leporatu konponbideari lehenago ez eutsi izana. “EH Bilduk ez zuen arazo hau konpontzeko interesik azaldu, ez udalean eta ezta foru aldundian ere”, kexatu da alkatea.
Bukatzeko, Jesus Mari Martiarena alkateak goraipatu du obrek “Lezoko herritarren eskaerei eta beharrei erantzuten diela”.
EH Bildu, haserre
Martiarena alkatearen adierazpenak Lezoko EH Bilduren haserrea eragin dute. “Poztekoa da lanak laster amaituta izango ditugula jakitea, bertatik igarotzen garen oinezkook segurtasun handiagoa izango baitugu. Triste eta haserre jarri gaitu, ordea, adierazpen horretan alkateak esan dituen gezurrak”, salatu du koalizioak.
EH Bilduk ukatu du aurreko legealdian proiektua bazterrean utzi izana. “Alkate jaunak oso ongi dakien moduan, aurreko legealdian, alkatetzan geundela, hainbat bilera egin genituen aldundiarekin Altamirako biribilguneko arazoari ahalik eta irtenbide egokiena eman nahian”, gogoratu dute, eta gaur egun martxan dauden lanak foru aldundiarekin orduan adostu zirela nabarmendu du EH Bilduk.
Hauteskundeak EAJk irabazita Kepa Garbizu alkateak eta Xubero Ubillos hirigintzako zinegotziak proiektuarekin aurrera egitea erabaki zutelako poza agertu du bide batez koalizio abertzalek, eta proiektua, guztien “lanaren eta esfortzuaren ondorioa” izan dela defendatu dute. “Onartezina da halako gezurrak erabiltzea” salatu du koalizioak eta “zuzenketa publiko bat egitea” eskatu diote alkateari.